euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Igandean bukatu da Bilbon 24. Korrika; munduko ‘Korrika txikiak’ ere amaitu dira eta irudi ederrak utzi dituzte

2026/04/03

Hiriburu perutarrean egindako Korrika 24ko partaideak Mirafloreseko Malekoian, Limako Euskal Etxea antolatzaile
Hiriburu perutarrean egindako Korrika 24ko partaideak Mirafloreseko Malekoian, Limako Euskal Etxea antolatzaile

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. xxMartxoaren 29an amaitu zen Korrika 24 Bilbon, milaka eta milaka lagun bilduta lekukoaren mezua entzuteko eta Zetak-en kontzertuaz gozatzeko. Hamaika egunetan zehar, Europako Euskal Herrian ezezik Diasporan ere, martxo osoan zehar, ilusioz eta partaidetzaz bizi izan dituzte egunak, lasterketak eta bestelako saio eta ekitaldiak ere antolatuz bat eginez euskararen aldeko mezu eta jarrera berarekin. Martxoan barrena, hamarnaka asko izan dira Europa, Amerika eta Asia-Ozeaniako hainbat lekutan lekukoaren edo pankartaren atzean mugitu diren euskaldun eta euskaltzaleek, euskal etxeek, euskara eskolek, unibertsitateetako irakurletzek-eta deiturik. Ohi bezala, honi guztiari buruzko informazioa ematea da EuskalKultura.eus-ek Korrikari bere hondar ale apurra emateko modua. Segidan, Korrika 24ri buruzko gure azkenaurreko artikulua, nazioarteko hitzorduetako zenbaitek ekarri dutenaren lekukotasuna emanez.

Utzi genuen lekuan berrekingo diogu. Montpellierren, bertako Eskual Etxea deitzaile, martxoaren 21ean bildu ziren euskaldunak Letteseko Natur Etxean. Eguraldia lagun eta petoak jantzita, ibilbide polita egin zuten korrikalari/ibiltariek urmaelaren ondoan. Marseillako EEko lagunak, berriz, Saint Laurent elizaren aurrean elkartu ziren eta MUCEM eta Panier auzoan ibili ziren. Hamaiketakoa ere partekatu zuten geroago. Frantziatik atera gabe, Tolosako Denak Bat-ek ere deitu zituen bere bazkide eta lagunak korrika egitera, martxoaren 21ean. St Pierretik abiatu zen ibilbidean.


24. Korrika paraje ederretan barrena ibili zen Montpellierren, bazkaria ere elkarrekin partekatuz


Marseillako Euskal Etxeak ere bat egin zuen eta 'Euskara gara' egin zuen oihu bere ibilbidean

Alemanian, bertako euskal etxe berrienak ere hartu zuen parte Korrikan, Bremengo Euskal Kultur Elkarteak. Aipatu beharra dago, ordea, euskal etxea sortu aurretik ere, bertako euskaldunek antolatu izan zutela hainbat edizioz Korrika eta orain, bistan da, euskal etxea abiatzeko urratsa eman ondoren, are arrazoi handiagoz. Martxoaren 22an ospatu zuen, unibertsitatearen ondoko lakuan txalaparta, alboka eta panderoa lagun. Korrika egiteaz gain pik-nika partekatu zuten familia giroan hogeita bost inguru lagunek.

Britainia Handiko euskaldunek ez zuten festa erraldoi hau galdu behar eta Londresen, Edinburgon eta Dublinen atera ziren korrikazaleak 'Euskara gara' lelopean. Dublingo ospakizunaz hemen irakur daiteke. Edinburgon, lekukoa eskuz esku pasatu zen, eta besteak beste Europako beste hizkuntza gutxitu batzuetako kideak ilusio handiz aritu ziren partaide, napolitanoa kasu. Estatu espainiarrean, Valentziako Euskal Etxean pintxopote eta musikarekin hasi zuten jaia; ondoren Korrika egin zuten eta herri bazkaria, eta. eguna bukatzeko, kontzertuak. Mallorcan, berriz, Son Rapinya frontoian ospatu zuten: Korrika egiteaz gain, pilota eta dantza aurkezpenak gauzatu zituzten


London Basque Society, Londresko Euskal Etxeak antolatu zuen Korrika arrakastatsuko irudia

Edinburgoko Korrikan trikitia lagu, eta beste hizkuntza gutxiagotu batzuk ere bat eginik


Valentziako Korrika iaz Euskal Etxe ondoan inauguratutako euskal muralaren aurrean amaitu zen


Son Rapinyako frontoian ospatu zuen Mallorcako EEak Korrika

Amerikako herrialde askotan izan du aurten leku nabaria euskararen aldeko ekitaldi herrikoi honek: Kanadan, Estatu Batuetan, Mexikon, Kolonbian, Venezuelan, Perun, Txilen, Uruguain, Argentinan… Bereziki hunkigarria, Boiseko Ikastolako irakasle eta haurrek hiriko Udal Parkean antolatutakoa. Baina bestela ere bere helduen Korrika ere antolatu zuen Boisek, geldialdia Idahoko Kapitolioan eta guzti. Korrika Bostoneraino ere heldu zen, New England Basque Club-en eskutik, eta munduan beste leku askotan bezala Etxepare Euskal Institutuko irakurletza ikasleak ere ez zuten galdu bat egiteko aukera, Illinoisko Unibertsitatea kasu, Chicago ondoan.

Ipar Amerikatik atera gabe, aurreko batean aipatu genuen Cancungo Korrikaz gain, Mexiko Hiriko Euskal Etxeak egitaray jantzi eta potolo batez eman zion harrera Korrikari. Batetik, Korrika bera eratuz, larunbatez, Gernikako Arbolaren kimutik eta Euskal Etxeraino iritsiz, gero bertan jai-programa oso bat garatuz. Baina aurreko astean zehar, asteasrtetik ostiraloera, lau 'Pintxo Zinema' saio eskaini zituen hurrenez hurren, beste hainbeste euskal izenburu emateko, hala nola  'Azken erromantikoak', 'Faisaien Irla', 'Gaua' eta 'Maspalomas', jatorriko euskal bertsioan edota azpitituluekin.


Boiseko Ikastolako haurño eta andereñoak Udal Parkean tipi-tapa ekinez Korrikari


Etxepareren irakurletzako ikasleak partaide izan zituen Korrika Illinoisko Unibertsitatean

Boston-en, euskal familiak, ikasleak, profesionalak, euskaltzaleak New England Euskal Etxeak deiturik


Korrika Mexiko Hirian, festa handi batez Euskal Etxean, eta 'Pintxo Zinema' lagun aurreko astean

Hego Amerikan barrena, asko izan dira Korrikara ospatzearekin bat egindako euskal etxeak, Uruguay, Txile, Venezuela, Kolonbia, Peru edo Argentinan bertan. Horietako batzuk, lehenengo aldiz, hala nola Venezuelan, Caracaseko Euskal Etxea ilusi handiz izan baita bere aurreneko Korrikaren antolatzaile. Eta gauza bera Barranquillan, bertako Karibeko Euskal Etxeko lagunekin. Kolonbian baita ere, Antioquian, aurten ere euren Korrika antolatu dute, aurretik beste askotan bezala, Gure Mendietakoak Euskal Etxekoek.

Txile aldean, Santiagoko Euzko Etxeak, Txileko Euskal Gizataldeak eta 'Hilario Olazaran' taldeak, Euskadiren Oerdezkaritzakoekin batera, bat egin zuten Korrikan. Ehun bat lagun bildu ziren Uruguai Parkean eta bertan aurreskua dantzatu eta gero kilometro bat egin zuten korrika Euzko Etxea euskal etxeraino, pintxo batzuk hartu eta hitzordua arratsaldean barrena luzatzeko. Argentinari dagokionez, datorren astean artikulu berezitu bat argitaratuko dugu Korrikak herrialde osoan izan zituen programa eta deialdien inguruan.


Limako Euskal Etxea Mirafloresko Malekoian


Karibeko Euskal Etxeak, Barranquillan (Kolonbia) bere lehenengo Korrika antolatu zuen


Txileko Santiagoko Korrika zenbakitsuko irudia

Aurreko urteetako joerak gora egin du eta erraz ohartzeko moduko fenomenoa da edizioz edizio handitzen eta ugaritzen joan direla Korrikak munduan, Diasporako euskaldunen eta euskara eta euskal kultura ikasten den eskola eta unibertsitateetako ikasle eta euskaltzaleen lan engaiatu eta etengabeari esker. Artikulu honetara bildu ditugun hitzordu eta irudiak batzuk baizik ez dira, gehiago izan baitira batera eta bestera nazioartean egindako bategiteak. Jakitun gara ez dela aise guztiak biltzea eta guk behintzat medio murritzak dauzkagula horretarako. Hala ere martxoan berrogeita hamar testu, albiste eta sarreratik gora argitaratu ditugu Korrikaz. Beste behin, partekatu nahi dituzun irudi edo informazioak badauzkazu harrera ona egingo diegu info@euskalkultura.eus-era bidalirik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia