euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maipú: DOAren topaketa, festa-erritmoak eta musika eta dantza ikuskizuna Anaitasuna EEaren 50 urteak ospatzeko

2026/04/02

DOAko musikariak Maipuko Gral. Manuel Belgrano Plazan igandean, martxoaren 22an, arratsaldean, emandako kontzertuaren ostean
DOAko musikariak Maipuko Gral. Manuel Belgrano Plazan igandean, martxoaren 22an, arratsaldean, emandako kontzertuaren ostean

PUBLIZITATEA

Maipú, Buenos Aires. Maipuko Anaitasuna Euskal Etxearen 50. urteurrena ez zen bertako ospakizun soil bat izan. Euskal musika berriz ere batera jotzeko aukera bat ere izan zen, eta ez euskal etxeko lau pareten arteko zerbait bakarrik. FEVAk deituta, herrialde osoko hainbat EEtako hogei musikari baino gehiago elkartu ziren Buenos Aireseko Maipun, hurrengo Euskal Aste Nazionalean, Villa Marian, protagonista izango diren txaranga doinuak, erromeriak eta plazako dantzak prestatzeko. Entseguekin batera, DOAk (Diasporako Orkestra Argentinarra) urtebetetze-ikuskizun gogoangarria eskaini zion opari Anaitasunari, Egunabar eta Itzultzeko-ko taldekideak lagun. Ekitaldia aire librean eta komunitate osoari irekia egin da, Asier Iriberri FEVAko lehendakaria eta Carlos Miguelena zuzendaria ere bertan.

Martxoaren 22an, igandea, Manuel Belgrano plazan kontzertuak zubi bat eraiki zuen Atlantikoaren bi aldean. Euskal musikaz gain, tangoa eta folklorea ere jo zituen orkestrak oraingoan, Astigarragatik etorritako Ioritz Goizueta trikitilaria ere jotzaile. Une hunkigarriena bertako Fabian Maya akordeoilari eta Bihotzetik taldeko kideari egindako omenaldia izan zen, "Kilometro 11" pieza jo ostean, publiko osoak zutik jarrita txalo zaparrada beroa eskainiz. Egunabar eta Itzultzeko taldeetako dantzariak arduratu ziren arratsaldeari kolorea emateaz. Euskal Etxeko lehendakari Alicia Ithurrartek pozik eta harro kalifikatu zuen eguna: "Azkenean eguraldia lagun izan dugu, tokia egokia izan da eta dena bikain atera da!".

 
DOA eta Egunabar eta Itzultzeko. Alicia Ithurrarte lehendakarik eskerrak eman zizkien publikoari eta instituzioen babesari.

Orkestrako kideentzat, topaketa hauek entsegu tekniko hutsak baino askoz gehiago dira. Julian Robles flauta-jotzailearen esanetan, euskal kultura, musika eta dantza ezagutzeko eta trukatzeko gunea da proiektua. Iritzi berekoa da Maria Mercedes Ithurriague dantzari ohia, gitarrista eta txistularia. Harrotasunez azpimarratzen du kide eta lagunek osatutako orkestra handi honen parte izatearen esanahia: "Gure euskal sentimenduaren toki eder batera eramaten gaitu". Asteburu indartsuaren ostean, gonbidapena luzatzen diete oraindik DOAko kide ez diren Diasporako musikariei: parte hartu nahi izanez gero, galdetu zeure Euskal Etxean edo FEVArekin harremanetan jarri, sare sozialen bidez (IG: @fevargentina, Fb: FEVA Federación de Entidades Vasco Argentinas)

Maipun bildutako DOAko musikariak: 

- Juan Pablo Bilbao Valiela, Euskaldunak Denak Bat (Arrecifes)
- Santiago Chamorro, Gerora (Córdoba)
- José Noe Fernández, Gerora (Córdoba)
- Mariana Branca, Euzko Etxea (La Plata)
- Francisco Javier Urban Artola, Unión Vasca (Bahía Blanca)
- José María Gutiérrez, Laurak Bat (Buenos Aires)
- Carolina Alessandrini, Euskaltzaleak (Buenos Aires)
- Mercedes Ithurriague, Anaitasuna (Maipú)
- Fabián Eduardo Maya, Anaitasuna (Maipú)
- Julian Robles, Anaitasuna (Maipú)
- Martín Ibarlucia, Anaitasuna (Maipú)
- Martín Fernández, Anaitasuna (Maipú)
- Juan Manuel Hiriart, Denak Bat (Mar del Plata) 
- Aitor Hormaechea, Denak Bat (Mar del Plata) 
- Nerea Balzola Aguilera, Denak Bat (Mar del Plata) 
- Martina Saa, Denak Bat (Mar del Plata) 
- Abel G. Noseda, Euzko Etxea (Necochea)
- Guillermo Canut, Zazpirak Bat,(Rosario)
- Renzo Gustavo Marín, Euzkal Etxea (San Nicolás)
- Rubén Darío Vázquez, Euzkal Etxea (San Nicolás)
- Gustavo Galeano, Euzkal Etxea (San Nicolás)
- Luis Miguel Carricaburu, Euzko Etxea (Villa María)
- José Luis Franco, Euzko Alkartasuna (Macachin)
- Iosu Pacha Iruretagoyena, Euzko Alkartasuna (Macachin)

Aupa neska-mutilak! Zorionak Maipú!



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia