euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

ETB1eko saio batean agertu eta Korrika korritu ondoren, Barnetegia Valentziako Euskal Etxean maiatzaren 8tik 10era

2026/04/13

Valentziako Euskal Etxearen 2026ko Barnetegiaren kartela eta ETB1eko 'Tribuaren Berbak' saioaren bisita Valentzia eta Herrialde Katalanetara
Valentziako Euskal Etxearen 2026ko Barnetegiaren kartela eta ETB1eko 'Tribuaren Berbak' saioaren bisita Valentzia eta Herrialde Katalanetara

PUBLIZITATEA

Valentzia Hiria. ETB1eko 'Tribuaren berbak' euskara eta euskararen ingurumaria dauka hizpide eta bere laugarren denboraldiari amaiera emateko katalan hizkuntzarengana hurbildu zen martxoaren 25ean emititu zuen saioan. Euskaldun askorentzat eredu den hizkuntza katalana espainiar Estatuko bost autonomiatan hitz egiten da (Katalunian, Valentzian, Balearretan, Murtziako El Carxen eta Aragoiko Sartaldeko Zerrendan). Eta katalana eta euskara nola elkarbizi diren jakiteko Valentzia hiriko Laurak Bat Euskal Etxea bisitatu zuen Kike Amonarrizekin batera saioa aurkezten duen Izaro Arrutik.

Valentziako Euskal Etxean euskara ikasten duten gehienak bertakoak dira eta diaspora osoan gertatzen den bezala ikasten hasteko motibazio anitzak dituzte. Euskal musikak, hala ere, gero eta eragin handiagoa dauka aipatzen diren arrazoien artean eta aurten Zetak taldea izan da aipatuena, saioan ere ikus daitekeenez.


Saioa bere osotasunean. Valentziako Euskal Etxeko ikasleen tartea 10' 39"n hasten da

Valentziako Euskal Etxeko ikasleak eta irakaslea elkarrizketatzearekin batera, saioan ateratzen dira besteak beste euren lekukotasuna ematen Garikoitz Knörr hizkuntzalaria, Gemma Sangines psikologoa, Kataluniako Gobernuko langile den Ferriol Macip, Carles Belda musikaria, Monica Bonell Andorrako Kultura ministroa, Koldo Alvarez de Eulate gasteiztarra Andorrako futbol selekzioko entrenatzailea eta Enric Balaguer aktibista.

Euskal Etxeko barnetegia

Euskal Telebistakoen bisita eta 'Tribuaren Berbak' programa telebistaz ematea bera ere osagai bereziak izan dira besteak beste Valentziako Euskal Etxearen azken boladako dinamikan. Baita ere horrekin batera Korrika 24ren Valentziako karrera antolatzea, aspaldidanik finkatua baitago EEko martxan ekimen garrantzitsu gisa, aurten ere arrakasta handiz egina. Orain, berriz, buru belarri ari dira EEko euskara arduradunak Ikasleentzako Barnetegia antolatzen. Barnetegia maiatzaren 8tik 10era izango da, eta eskolez aparte beste hainbat ekintza partekatuko dituzte euskara ikasleek eta irakasleek euskarazko asteburu gorretan, tartean hitzaldiak, jokoak, otorduak…

Izena emateko, klik egin esteka honetan eta bete inprimakia, bertan daude izena emateko jarraibideak. Jarduerak Eusko Jaurlaritzaren eta Etxepare Euskal Institutuaren babesa du. Informazio gehiago jasotzeko, idatzi barnetegi26@euskaletxeavalencia.eus helbidera.

- Valentziako Euskal Etxea Instagram-en, euskaletxea_valencia



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia