euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Ikaskuntzako Asmoz Fundazioak online hezkuntza eta didaktikaren aldeko apustua egiten du haur zein helduentzat

2021/05/03

Asmoz Fundazioaren ikas eta jolas material hau doan kontsulta eta erabil daiteke online
Asmoz Fundazioaren ikas eta jolas material hau doan kontsulta eta erabil daiteke online

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioak euskarazko hezkuntza sustatzen duten proiektuen aldeko apustua egin du, material didaktikoak sortuz, haur zein helduentzat, EIMA programaren laguntzarekin. Honela agertzen du bere webgunean argitara emandako artikulu honetan, estekak emanez sarean libre erabilgai ipini dituen zenbait baliabideetara, Euskal Herrian edo bere diasporan erabili nahi dituzten pertsona, euskal etxe edo taldeek erabil ditzaten.

EIMA, Euskal Ikas Materialgintza, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuak 1982an hasi zuen programa da, eta ordutik indarrean jarraitzen du, euskarazko material didaktikoak sortzea sustatzen, haien kalitatea zaintzeko eta administraziotik material horiek hedatzen laguntzeko helburuarekin.

Testuinguru horretan, Asmoz Fundazioak euskarazko hezkuntza formatu digitalen bidez sustatzeko lau plataforma didaktiko sortu ditu azken urteotan: 

-“Haurrak eta Musika
-“Haurrak eta musika II
-"Tribuaren Berbak"
-"Hizkuntzarekin Jolasean"

Guztiak doakoak dira eta publikoarentzat irekita, edozein pertsonak edo ikastetxek material didaktiko hori eskuratzeko aukera izan dezaten.

Haurrak eta Musika” (2016)  eta  “Haurrak eta musika II”.  Haurtzaroko adin tartean haurrak bere ingurunean kokatzen hasten dira, baina horretarako garrantzitsua da lehendabizi beren burua ezagutzea. Bide horretan, gorputzeko atal desberdinak ezagutzeko lagungarria izango da musika, abestiak eta mugimenduak erabiltzea.

Bi proiektuek, alde batetik haurren nortasuna eta autonomia pertsonala garatzen laguntzeko jarduerak egingo ditugu haurraren auto‐irudia eraikitzen lagunduz. Bestetik, adin tarte hauetan behar beharrezkoak diren mugimenduak eta jolasak eskaintzen ditu, haurraren garapenean hain garrantzitsua den psikomotrizitatea lantzeko.  Material didaktiko honetan proposatzen diren edukiak jardueren sekuentzia baten arabera ordenatuta azaltzen dira. Horrela, irakasleak edo hezitzaileak konbinazio desberdinen arteko saioak antolatu ahal izango ditu, ikasleen, beharren edo jakin-minaren arabera.

"Tribuaren Berbak" egitasmoa 2019. urtean diseinatu zen, EITBren eta Kike Amonarrizen laguntzarekin. ETBko Tribuaren Berbak programako materiala erabiliz, material honen oinarria Euskal Herriko euskararen eta eleaniztasunaren gaineko oinarrizko ezagutza soziolinguistikoa lantzea da.

Azkenik, 2020an, "Hizkuntzarekin Jolasean" argitaratu zen. Hiru unitatetan banatutako hainbat jardueraz osatutako material honen bidez, euskararekin jolastea da helburua: hieroglifoak edo istorio barregarriak asmatuz, hitzen esanahi ezkutuak aurkituz, jolasak prestatuz, umorea umorez landuz eta txiste berriak sortuz. Eta dena, beti, modu interaktibo, parte-hartzaile eta ludikoan; hau da, talde-lana eta euskararen erabilera sustatuz.

Bestela, Asmoz Fundazioa euskarazko material didaktikoen proiektu berri bat prestatzen ari da, Landarbaso Abesbatzarekin elkarlanean, haurrek musikaren eta kultura musikalaren bidez munduko kulturen inguruan ikas dezaten.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia