euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Fresnoko Euskal Festa, euskal online mezarekin eta euskal janariz etxeetan ospatu ahalko da datorren asteburuan

2021/04/30

Online meza zuzenean Tolosatik, euskal-amerikar fededunak Kaliforniatik, eta bezperan, euskal jaia etxeetan
Online meza zuzenean Tolosatik, euskal-amerikar fededunak Kaliforniatik, eta bezperan, euskal jaia etxeetan

PUBLIZITATEA

Fresno, AEB. Bihar larunbata, maiatzaren 1a, Fresnoko Euskal Besta egunaren txanda tokatzen zen Kaliforniako euskal egutegian. Pandemiagatik, bigarren aldiz, aurten ez da antolatuko. Bertako euskaldunek, hala ere, ez dute data besterik gabe pasatzen utzi nahi izan eta bakoitzak bere etxean ospatuko du, hiru lagungarri alboan. Batetik, aukera eman zuen Fresnoko Santa Fe euskal jatetxeak, euskal janaria manatzeko, eta hala egin zutenek, bihar bertatik pasa eta etxeratu ahal izango dute, mahaiaren inguruan "euskaldun biltzeko".

Bestetik, bera momentu honetan aste batzuetarako Euskal Herrian badago ere, igandero bezala, euskal meza emango du igandean internetez aita Antton Egiguren, Fresnoaldean bertan bizi den AEBko euskaldunen kapelau edo omonierak. Igandean, maiatzaren 2an izango da, Fresnon goizeko zortziak direnean eta Euskal Herrian arratsaldeko bostak. Gipuzkoako apaiz bidaniarra Tolosako aita frantziskotarren elizatik konektatuko da meza euskaraz eta ingelesez ematearren itsasoz bestaldeko bere eliztarrei.

Eta azkenik, aurten ere, seguru iaz bezala Fresnoko euskal familiak sare sozialen bidez konektatuko direla elkarrekin piknik egunean. Iaz hala egin zuten, elkarri erakutsiz nola ari ziren eguna pasatzen euskal giroan eta euskal ohituren inguruan. Kantuak, dantzak, musika, agurrak... emozioa eta euskaldunen arteko elkartasuna eta aurrera egiteko indarra partekatu zuten.

-Igandeko mezako irakurgaiak eta kantuak segitu nahi dituenak, hemen dauka liburua
-Meza zuzenean segi daiteke Facebookez, Kaliforniako 8:00etan, EHko 17:00etan
-Estatu Batuetako Artzai Ona elkarte katolikoaren webgunea
-Artzai Onako lagunei ekarpenik egin nahi izatekotan, hemendik egin daitezke

Iaz online etxeetatik partekatu ziren irudiak, hau Etchechury familia fresnotarrarena. Biba ziek!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia