euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Jon Bilbao Katedra 2021: Eneko Bidegainek Diasporak nola lortzen duen informazioa Euskal Herriaz aztertuko du Renon

2021/05/03

Nevada-Renoko Unibertsitatean CBS 'Center for Basque Studies' Euskal Ikasketa Mintegiaren egoitza den eraikina
Nevada-Renoko Unibertsitatean CBS 'Center for Basque Studies' Euskal Ikasketa Mintegiaren egoitza den eraikina

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Eneko Bidegain (Baiona, 1975) ikerlari lapurtarra hautatu dute aurten hilabetez Reno-Nevadako Unibertsitatean (UNR) 2014an sortutako Jon Bilbao Katedran ikerketa-proiektu bat gauza dezan. Bidegainek honako izenburua ezarri dio landuko duen proiektuari: "Euskal Herri kontinentaleko jatorriko diasporako kideek AEBetan eta Euskal Herriari buruz bilatzen eta jarraitzen dituzten informazioak, paperezko gutun eta aldizkarietatik aro digitalera: euskal lurraldetasunaz duen ikuspegia".

Lan honekin, Euskal Herrian jatorria duten eta Diasporan bizi diren euskal herritarrak nola elikatzen diren Euskal Herriari buruzko informazioaz aztertuko du Bidegainek, arreta berezia eskainiko jatorriz Ipar Euskal Herrikoak diren euskaldunei. Batez ere zein bitarteko eta kanal erabiltzen dituzten eta historian zehar izan duten bilakaera aztertuko du, Eskualduna, Herria eta bertara iritsi izan den euskal prentsatik, gaur egungo sare sozial eta bideo-deialdietaraino.

Eneko Bidegain doktorea da Euskal Ikasketetan, unibertsitateko irakasle eskarmentuduna Euskal Herriko iparraldeko eta hegoaldeko zentroetan, kazetaria, idazlea, eleberrigilea, ikertzailea eta sare sozialetako erabiltzaile eta analista. Familia eta arbaso aldetik lotura zuzen eta aberatsa dauka Ipar Ameriketako diasporarekin, lau belaunaldi atzera bederen, eta besteak beste Xalbador bertsolari urepeldar handiaren biloba da (bere ama Elene, haren alaba).

Reno-Nevadako Unibertsitatean egoitza duen Jon Bilbao Katedrak diasporari eta euskal kulturari buruzko ikerketa eta ezagutza nazioartean sustatzea du helburu. Etxepare Euskal Institutuak sustatzen dituen beste zortzi katedretatik bereizten da, ikerkuntzan duelako ardatz ez irakaskuntza, eta ikertzeko egonaldi bat eskaintzen duen bakarra delako. Katedrak hilabeteko ikerketa-beka eskaintzen du urtero edo bi urtero, Jon Bilbao Visiting Research Fellow izenepean, irakasle bisitariarentzat.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia