Donostia-San Sebastián. M pour Montréal jaialdia azaroaren 18tik 21era izango da Quebeceko Montrealen, eta bertan parte hartzeko deialdia egina du BASQUE. MUSIC.-ek, hautagaitzak aurkezteko epea asteazken honetan, maiatzaren 20an, itxiko delarik. Jaialdiko lantalde artistikoak proposamenen artetik bi hautatuko ditu, showcase bana eskaini dezaten. BASQUE. MUSIC. ekimenaren kide diren Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkarteak, musikari edo talde hautatuen bidaia, ostatua eta dietak beregain hartuko dituzte. M pour Montréal jaialdiak, bere aldetik, taldeen jardunerako beharrezkoa den ekipo teknikoa, oinarrizko backlinea funtsean, eskainiko die artistei.
Showcasez gain, profesionalei zuzenduriko jarduera ezberdinak barne bilduko ditu azokak. Hautatutako artistek ordezkari bat izendatu beharko dute. Ordezkari horrek jaialdiko jardueretan parte hartzeko prest egon behar du. Hautatutako proposamenak deialdian parte hartzeko irizpide eta baldintzak bete beharko ditu. Ekainaren hasieran iragarriko dira showcase-tan parte hartuko dituzten artisten izenak, hauek bere hegaldiak ekainaren 26a baino lehenago kudeatzeko konpromisoa onartuko dute.
Lankidetza publiko-pribatua
Euskal-quebectar lankidetza hau 2025ean hasi zuen Etxepare Euskal Institutuak Ça colle au Basque ekimenaren baitan. Lehendabiziko elkarlan horri esker, Verde Prato eta Olaia Inziarte izan ziren M pour Montrealen parte hartzeko aukeratutako proposamenak. BASQUE. MUSIC. Euskal Herriko musika sorkuntza eta industria nazioartekotzeko plataforma da; Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Euskal Institutuak eta Musika Bulegoak lankidetzan garatutako ekimen publiko-pribatua.
Hona parte hartzeko irizpide eta baldintzak. Deialdia maiatzaren 20ko gauerdian itxiko da. Izen ematea esteka honen bidez.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



