euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nafar Etxea, Laurak Bat eta Euskaltzaleak partaide atzo 'Buenos Airesek Europa ospagai' jaiaren edizio jendetsuan

2026/05/18

Zeramika eta kultur dibulgazioa Euskaltzaleak elkartearen standean, Laurak Bat Euskal Etxeko eta Euskaltzaleak elkartearen Elkarlanean taldeko dantzariak oholtza gainean, Maiatzeko Etorbidearen ikuspegi orokorra BAC Europan
Zeramika eta kultur dibulgazioa Euskaltzaleak elkartearen standean, Laurak Bat Euskal Etxeko eta Euskaltzaleak elkartearen Elkarlanean taldeko dantzariak oholtza gainean, Maiatzeko Etorbidearen ikuspegi orokorra BAC Europan

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Udazkeneko aire freskoari aurre eginez, 'Buenos Airesek Europa ospagai' (Buenos Aires Celebra Europa) jaialdia egin zen atzo igandea Argentinako hiriburuan. Maiatzaren 9ko Europako Egunaren inguruan antolatutako ekitaldiak Mayo Etorbidea hartu zuen, Bolivar eta Piedras kaleen artean, eta Europako 30 herrialdetako taldeak bildu zituen. Kalean gora eta behera jarritako 60 standetan, kolektibitateek beren janari tipikoak, artisautza eta ikuskizunak eskaini zizkioten bildutako jendetzari. Euskal Herriaren presentzia agerikoa izan zen Buenos Airesko Nafar Etxea, Laurak Bat eta Euskaltzaleak euskaltegiaren eskutik. Hirurek euskal kulturaren lagin oparoa hurbildu zioten publikoari.

Oholtzatik, euskal musikak eta dantzak erritmoa eta alaitasuna zabaldu zituzten ikusleen artean. Laurak Bat-eko dantzariak dotore aritu ziren beren jantzi tradizionalekin, Dantzari Dantza eta Uztai Txiki eskainiz. Euskaltzaleak-en izenean, berriz, Elkarlanean taldeak bere Arin-Argineta dantzaren indarra eraman zuen agertokira. Alabaina, euskal proposamena ez zen ikuskizun artistikoetara mugatu. Arratsaldean zehar, ibilbidearen muturrean jarritako karpa handian, hainbat tailer eta liburu aurkezpen egin ziren. Nafar Etxeak bisitarien arreta bereganatu zuen Club Atlético Osasunaren historiari buruzko hitzaldi batekin. Alejandro E. Perdomo irakasleak talde gorritxoaren sortzaileak izan zituen hizpide, bai eta Espainiako Gerra Zibilean jasan zituen erasoak eta frankismopean zuzendariek, jokalariek eta jarraitzaileek pairatutako errepresio gogorra ere.

 
Nafar Etxea, Laurak Bat eta Euskaltzaleak elkarteetako standak, eta Osasunari buruzko hitzaldia

Kalerik kale, mugimendua etengabea izan zen igande arratsaldean. Dantza egiteaz gain, Laurak Bat-eko gazteak arduratu ziren gastronomiari bultzada emateaz, pintxo sorta bikaina eta zaporetsua prestatuz. Ondoko standean, Euskaltzaleak elkarteak bere euskara ikastaroen eskaintza zabaltzeaz gain, jantziak, artisautza eta Zirimiriren artisau zeramika-lanak erakutsi zituen. Izan ere, ekimen honek eguneroko objektuetan berreskuratzen ditu euskal ikonografia eta engobe urdinaren estetika tradizionala. Nafar Etxeak, bere aldetik, urteko agendari buruzko informazio-materiala eskaini zuen, Nafarroako armarria zuten pin eta elastikoekin batera. Topaketa eta lagunarteko arratsalde honek argi utzi zuen, beste behin ere, euskal-argentinar komunitateak Buenos Airesko kolektibitateen hitzordu nagusiekin duen sustraitzea eta konpromiso sendoa.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia