General Belgrano, Argentina. Egun fresko baina eguzkitsuan, General Belgranoko "Gure Etxea" Euskal Etxeak "Belgranok Euskal Herria Ospagai" jaialdiaren bigarren edizioa ospatu zuen. Udal Kultura, Kirol eta Hezkuntza Sailaren babesaz eta Buenos Aires probintziako zenbait euskal etxe zeregin horretara bilduta, jaia abuztuaren 22an gauzatu zen. Egitarau zabalak dantzak, musika, Donostiar Danborrada, artisau zein ekintzaileen azoka, mus eta pilota txapelketak, hitzaldiak eta gastronomia baitaratu zituen, herritarrak bilduz eta Euskal Herriko kultura eta diasporaren tradizioak balioan jarriz..
Euskal Etxearen egoitza aurrean eman zitzaion hasiera egitarauari Cañuelasko Euskal Etxeko dantzarien Agurrarekin. Bertatik, Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat-eko danborrek garai batean trenbide eremua izandako Galpón Cultural-era eraman zuten publikoa. Hantxe egokitutako azokak herriko zein euskal komunitateko ekoizleak bildu zituen. Euskal emakumeen inguruko hitzaldia ere eskaini zen, Estefanía Borthiry elkarteko zuzendaria hizlari eta Euskal Argentinar Teknologia Prestakuntzarako Institutuaren ikastaro-eskaintzaren aurkezpena ere egin zen. Bitartean, Club Social elkartean pilota eta mus txapelketak jokatu zituzten, Buenos Aires Probintziako Kirol Zuzendaritzako agintariak bertan zirela.
Mus eta pilota txapelketa, Euskal Herriko emakumeei eta IFT Institutuari buruzko hitzaldiak
Abuztuaren 1eko plazan, txanda heldu zitzaien San Nicolasko Errekatarrak abesbatzaren eta Haritz taldearen emanaldiei, Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxeko dantzariek egindako jauziei eta Arrecifesko taldeak aurkeztutako Donostiako Danborradari. Tokiko artistek ere bat egin zuten ospakizunarekin: besteak beste, Walter Soriak; Pilar Segovia dantzariek; Compañía Gaucha taldeko gazteek eta Cristian Bericiartua "El Bery" musikariak. Egun osoan zehar herriko hainbat elkartek kudeatutako gastronomia gunea egon zen zabalik, tartean Suhiltzaile Bolondresak, Club Belgrano, Arte Colectivo, Barrancas del Salado eta Euskal Etxea berak ipinitakoak.
Elkartearen 1991ko lehen akta irakurri ostean, gorazarrea egin zitzaien kide sortzaileei, zeramikazko plaka bana oroigarri banatuz, kasu batzuetan euren ondorengoek jasoa. “Keinu txiki bat izan da, ahazten ez ditugula eta egun guk harrotasunez jarraitzen dugun bidea eurak hasi izana asko eskertzen dugula adierazteko”, azaldu dio Euskal Etxeko lehendakari Bárbara Perez Arruak EuskalKultura.eus-i. Pozik agertu da lortutako arrakastarekin, eta dagoeneko hirugarren ediziorantz begira dagoela onartu du.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


