Villa María, Argentina. Hilabete pasatxo baizik falta ez dela, abian da 2026ko Euskal Aste Nazionalerako atzerako kontaketa. Urriaren 5etik 11ra Córdobako Villa Maria hiria euskaldunen biltoki bilakatuko da, berrogeitik gora euskal etxetako ehundaka lagunentzat, Argentinakoak eta baita Uruguai, Paraguai, Brasil, Kolonbia eta Txiletik hurreratuko diren norbanako eta ordezkaritzentzat ere. Aste horretarako prestatu den programa abersatsak topaketa instituzionalak, musika saioak, dantzak, herri kirolak, bateko eta besteko ikuskizunak, bilerak eta jateko/edateko proposamen erakargarriak uztartu ditu, bertaratutakoek elkarrekin egoteko pozaren bueltan.
Ekitaldi nagusiak urriaren 8an, ostegunean, hasiko dira Sagardotegi Gauarekin, euskal menu tipikoa eta Txapela sagardo naturala dastatzeko aukerarekin. Ostiraleko egitarauak Euskal Etxeen arteko herri-kirol lehiaketa partehartzailea eskainiko du, eta Vanzetti agertokiko emanaldiak ibaiertzean. Hor arituko dits Argentinako DOA Diasporako Orkestra eta baita Tio Teronen Semeak ere, euskal dantza tradizionala eta umorea uztartzeagatik ezaguna den musikari eta dantzari talde gipuzkoarra; eta eguna amaitzeko, Xabi Solano hernaniar trikitilariaren eskutik erromeria.
Larunbat goizean FEVAk batzarra egingo du. Arratsaldean, Donostiako Danborrada entzungo da kostaldean eta, jarraian, Gaualdiari ekingo zaio, 250 dantzari inguru eta euskal etxeetako musikariak oholtza gainean euren artea erakutsiz jendetza batean aurrean. Igandean emango zaio amaiera jaialdiari, ibai-ertzean, plaza dantzekin eta Sociedad Ruralen egingo den bazkariarekin. Egitaraua borobiltzeko, Villa Mariako Unibertsitate Nazionalak abesbatza prestakuntza ikastaro bat emango du, Mus Federazioaren bilera eta Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren erakustaldia ere gauzatuko dira
Arlo instituzionalean, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza batek hartuko du parte. Ibone Bengoetxea lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak lehen aldiz bidaiatuko du Euskal Aste Nazional batera eta lagun izango ditu Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globalaren idazkari nagusi Ander Caballero eta Kanpoan den Euskal Komunitatearen zuzendari Ziortza Olano Astigarraga. Bengoetxearen agendaren barruan, larunbatean hitzaldi bat emateaz gain, bertako agintariekin eta unibertsitateetako ordezkariekin bilerak iragarri dira.
VOUCHERRAK eta LOLEKUAK
Lolekuez, ikuskizunen prezioez eta otorduen prezioei buruzko kontsultak egiteko, bide hauek gaitu ditu Villa Mariako Euzko Etxeak: centrovascovm.com.ar webgunea, cvascovm@gmail.com posta, Instagram centrovascovillamaria, Facebook cvascovm, eta WhatsApp +54 9353 4213400.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


