euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"El cuerpo de Cristo" laburrari eman diote Euskal Etxeek euren izeneko saria Mexiko Hiriko Caóstica MX Zinemaldian

2026/09/02

Ivan Miñambres Uniko ekoiztetxeko arduradunak jaso zuen Mondragon Mexiko Unibertsitatearen Euskal Lan Onenarentzako 'Euskal Etxeak' Saria, Caostica MX zinema jaialdiaren 1. edizioan, Bea Lema zuzendariaren izenean (argazkia Juan Dopico - Caostica)
Ivan Miñambres Uniko ekoiztetxeko arduradunak jaso zuen Mondragon Mexiko Unibertsitatearen Euskal Lan Onenarentzako 'Euskal Etxeak' Saria, Caostica MX zinema jaialdiaren 1. edizioan, Bea Lema zuzendariaren izenean (argazkia Juan Dopico - Caostica)

PUBLIZITATEA

Mexiko hiria, Mexiko. Euskadin zein Espainia mailan ikus-entzunezkoen arloko erreferente den Bilboko ‘Caostica’ Film Laburren eta Bideoklipen Nazioarteko Jaialdiak bere edizio mexikarra inauguratu du aurten. Caostica MX izenpean, ekitaldia abuztuaren 25etik 28ra garatu da eta mundu osoko 58 film labur pantailaratu ditu Mexiko Hirian. Festibalak ekarritako nobedadeen artean, euskal sari bat nabarmendu daiteke, Mondragon Unibertsitatea-Mexikoren Euskal Lan Onenarentzako 'Euskal Etxeak' Saria izenekoa. Errekonozimendu honekin euskal gaiak jorratzen dituzten edo euskal ekoiztetxeen film laburrak saritu nahi dituzte, Euskal Etxeek osatutako epaimahai bat medio.

Zinemaldiaren eta sariaren lehen edizio honetan Bilboko Uniko-k ekoitzitako Bea Lema zuzendariaren "El Cuerpo de Cristo" (Kristoren Gorputza) ikus-entzunezkoak jaso du txapela (edo estatuatxo garaikurra). "Uniko ekoiztetxeak animazio edukiak egiten ditu eta bere lanak goi mailakoak izan ohi dira, izan ere 8 Goya sari ere jaso ditu”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Castica MX Zinemaldiaren antolatzaile taldekoa den Xabier Uriak.


'El cuerpo de Cristo' film laburraren trailerra

Bederatzi film izan dira lehian sartu direnak Euskal Lan Onenaren Saria bereganatzeko, hala nola ‘Aizkora eta Pala’, ‘Zezena eta Umea’, ‘Depravity’, ‘Dicen que tu padre’, ‘El cuerpo de Cristo’, ‘HOFE, InnerCut-R.A.’, ‘Moho’, ‘Ultramarino’ eta ‘La primavera’. Epaimahaikide izan dira Mexikoko Euskal Etxea; Txileko Euskal Gizataldea eta Euzko Etxea (Santiago); Euskaltzaleak (Buenos Aires); eta Euskal Erria (Montevideo).

Datorren urtean epaimahaikide izan nahi?

“Euskal etxe partaideetan film labur hauek guztiak pantailaratu ziren, ikusleak bertako bazkide eta zinemazaleak izanik, eta bakoitzak bere ustez hiru onenak zirenak behar zituen hautatu. Oso jarduera interesgarria izan zen euskal etxeentzat, proposamen berri eta berritzailea eskaini baitzieten euren komunitateei, ikusentzunezko material berria, bariatu eta kalitatezkoa", azaltzen du Uriak. "Horregatik, datorren urterako euskal etxe guztiei nahi diegu luzatu gonbidapena, hala nahi badute epaimahaiko parte izan daitezen; hori baita gure asmoa, partaidetza handitzea eta lankidetza indartzea bat egin nahi duten euskal etxe guztiekin”.

Caostica MX zinemaldian babesle eta lankide dira Mexikoko Euskadiren Ordezkaritza, Etxepare Euskal Institutua eta Mexikoko Mondragon Unibertsitatea.

- Caóstica Zinemaldia sareetan, Instagram, webgunea



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia