Mexiko hiria, Mexiko. 25 urte bete ditu aurten ‘Macabro’ Mexikoko Beldurrezko Filmen Nazioarteko Jaialdiak eta edizio berezia ospatzeko Paul Urkijo Alijo zuzendari euskalduna gonbidatu zuen ‘Gaua’ bere azken pelikularekin zinemaldia estreinatzeko. Abuztuaren 12an proiektatu zuten Mexiko Hiriko “Esperanza Iris” Antzokian, areto betean. Filma inaugurazioan aurkeztea ez zen izan, ordea, Urkijok Macabron izan zuen partaidetza bakarra.
Abuztuaren 14an mitologiari eta sorginkeriari buruzko hitzaldia eman zuen eta 15ean, ‘Gaua’ren proiekzio berri batean hartu zuen parte, oraingoan Mexikoko Cineteca Nacional-ean, emanaldiaren ondoren publikoarekin solastu eta galderak erantzun zituelarik. Macabro Jaialdiaren programapean baita ere, Nerea Torrijos bilbotarrak masterclass bat eman zuen atzo 19a, Urkijoren ‘Gaua’, ‘Irati’ eta ‘Errementari’ filmetako jantzien arduradun legez, arropen koloreez, ehunduraz eta itxuraz zinema fantastikoan, Zinema Fakultatean.
Harrera ekitaldia Euskal Etxean
Euskal Herriko ordezkaritza artistikoak, eta Macabro eta Caostica MX jaialdietako lagunek, denbora bilatu zuten Mexikoko Euskal Etxetik jasotako gonbidapenari ohore egin eta ehun uirtetik gorako historia duen erakunde euskal-mexikarra bisitatzeko. Iñigo Bilbao lehendakariak berak errezibitu zituen Paul Urkijo, Nerea Torrijos eta festibaletako ordezkariak.eta etxean barrena gidatu eta erakutsi zien egoitza eta euren eskura dagoela azpìmarratu zien, nahi dituzten saio, emanaldi eta aurkezpenak egiteko.

Paul Urkijo publikoari mintzo 'Gaua' aurkeztuz 'Macabro' Zinemaldiaren 25. edizio inaugurazioan

Mexikon lanean dabilen Jose Ramon Soroiz ere zinema aretora hurbildu zen Urkijoren filma ikustera

Mus partida bat ere jokatzeko astia hartu zuten Euskal Etxean (arg. Juan Dopico - Caostica MX)
Zuzendari gasteiztarrak arretaz entzun zuen eskaintza. “Oroitarazi genien Euskal Etxea, proiektatzeko edo pelikulen inguruko edozein aktibitate antolatzeko erabil dezaketela, eta ideia gustatu zitzaien. Izan ere, Euskal Etxe baten funtzio nagusia euskaldunei eta euskal ekimenei gure indarren araberako sostengua ematea baita. Euskal Herrira itzultzean euren inguruko jendeari gonbite bera luzatzea eskatu genien, horretarako baitago Euskal Etxea, kultura zabaltzeko”, adierazi dio EE mexikarreko presidenteak EuskalKultura.eus-i.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


