euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

150 lagun bildu ditu Bruselako Gazte Egunak; ekainaren 26an 'Karmele' proiektatuko dute Europar Batasuneko hiriburuan

2026/06/05

2026an hirugarren ediziora iritsi da Bruselako Gazte Eguna, finkatuta bertako euskal gazteriari erakargarria egiten zaion proposamen gisa
2026an hirugarren ediziora iritsi da Bruselako Gazte Eguna, finkatuta bertako euskal gazteriari erakargarria egiten zaion proposamen gisa

PUBLIZITATEA

Brusela, Belgika. Arrakasta handia izan du aurten ere Bruselako euskal gazteen urteroko jai berezia bilakatu den honek eta arrakasta hori lagun antolatzaileek gogotsu segitzen dute euskara eta euskal kultura zabaltzen eta gozatzen jarraitzeko planekin Europar Batasuneko hiriburuan, bertako gazteriaren eta Euskal Etxearen lankidetza uztartuan. Izan ere, hurrengo ekintza ere iragarria dute: ekainaren 26an 'Karmele' (2025) filma estreinatuko dute Bruselan, Cinema Aventure aretoan, gaueko 9etan, Asier Altuna zuzendaria aurkezle. Filma euskarazko jatorrizko bertsioan eskainiko dute, ingelesezko azpitituluz, eta proiekzioaren ostean zuzendariarekin solasteko aukera izango du publikoak.

2026ko Gazte Eguna

Bruselako Gazte Egunaren 3. edizioa maiatzaren 30ean egin zen, eguerdi aldera Trikipoteoarekin hasita. Donostiatik propio ekarritako trikitilari eta pandero-jotzaileak Saint-Gilles auzoko kaleetan barrena eginiko ibilbidea girotu zuten eta 'poteo' partearekin batera, abesteko eta dantzatzeko aukera ongi baliatu zuten Belgikan bizi diren gazte euskaldunek. Trikipoteoa amaituta Euskal Etxera hurreratu ziren bazkaria partekatzeko. 60 bat lagunek hartu zuten parte –edukiera osoa, sarrera egortuta zeuden– eta bazkalostean beren ‘trebeziak’ erakutsi zituzten hainbat jolas eta jokotan. Arratsaldeko seietan hasi zen festa nagusia, 150 bat gazte partaide. Gauerdira arte luzatu zen, garai guztietako euskal musika doinuen erritmopean, barra zerbitzua ere Euskal Herrian bezala..


Bruselako Gazte Eguna Triki-poteoarekin hasi eta jaiarekin bukatu zen

Gazte Egunaren hirugarren edizioak ondo baino hobeto bete zituen Bruselako Gazteen espektatibak eta honela jakinarazi dio EuskalKultura.eus-i antolatzaileetakoa den Adrian Fuentesek: “Iazkoarekin konparatuta pixka bat ezberdina izan zen; orduan erromeria osoa ekarri baikenuen Euskal Herritik; aurten proposamena sinpleagoa izan da, baina oso ondo atera da, uste baino jende gehiago etorri da eta, bistan da, oso pozik gaude”. "Hemen ez daude ohituta honelako talde bat ikusteaz, tabernaz taberna doana, kalean edaten, dantzatzen edo abesten. Bertakoei arraroa egiten zaie oso eta, beraz, azaldu egiten diegu tabernariei, adibidez, edalontziak bueltatuko ditugula. Baina hori argituta, dena oso ondo onartzen dute eta ederki ateratzen da!”, adierazi digu.

- Bruselako Euskal Etxea Instagramen, bruselakoeuskaletxea
- Bruselako Gazteak Instagramen, bruselakogazteak



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia