Barakaldo, Euskal Herria. 14 mila lagun bildu ziren joan den maiatzaren 3an Barakaldon, Bizkaia Arena BECen, Pirritx (Aiora Zulaika), Porrotx (Joxe Mari Agirretxe) eta Mari Motots (Mertxe Rodriguez) Euskal Herriko pailazo ezagunenei egin zitzaien omenaldian parte hartzeko. Jaiak hirukotearen ia lau hamarkadako ibilbidea eskertu eta goraipatzeko helburuz egin zen eta ondo baino hobeto bete zuen xedea. Belaunaldiko askotako zaleak berriro ere liluratu ahal izan ziren pertsonaien abesti, ipuin eta magiarekin.
Unibertso magiko hori berreraikitzeko, euskal kulturaren erreferente ugariren laguntza izan zuen Maite Zaitut Elkarte antolatzaileak. Ikuskizunean zehar hamaika artista igaro ziren oholtzatik: musikari, abeslari, dantzari, antzerkigile, artista plastiko eta bertsolariak, besteak beste, eta guztiek gogoratu zuten pailazoek euren bizitzetan izan duten eragin eta partaidetza.
Diaspora ere partaide
37 urtetan, Euskal Herrian ez ezik, Euskal Herritik kanpo ere egin dira ezagunak pailazoak eta hori dela eta Maite Zaitut Elkarteak Diasporako euskal etxeei ere luzatu zien deia ekitaldian parte hartzeko. Argazkiez gain, hiru bideo ere jaso zituzten antolatzaileak Bizkaia Arenako pantailan proiektatzeko. Bideoak Buenos Airesko Euskaltzaleak-etik, Bruseko Euskal Etxetik eta Boiseko Ikastolatik iritsi ziren Bilbora eta hiruretan ageri ziren gaztetxo eta ez hain gaztetxoak taldearen klasikoena den ‘Maite Zaitut’ abestia kantatzen.
Boiseko Ikastolako umeek egindako bideoa 'Maite zaitut' kantuarekin jauzika
Bruselako Euskal Etxeko kideak ere bat egin nahi izan zuten eta 'Maite zaitut' abestu
Buenos Airesen ere, Euskaltzaleak-eko lagunek ere egin zuten bat omenaldiarekin
Besteak beste, bildutakoek Palestinako umeen aldeko mezua ere zabaldu nahi izan zuten
Maitasun mezuak
Hirukotearen edukietako askotan ohi dutenez, elkartasuna eta giza eskubideen eta aniztasunaren aldeko mezuak gailendu ziren ekitaldian zehar. Aldarrikapen serioago horiek ez zuen suntsitu, osatu baizik, arratsaldean BECen nagusitu zen omenaldi jai giroa, ezta festak utzi zuen irudi politena ere: Pirritx, Porrotx eta Mari Motots aretoa bete zuten 14 mila lagunen amodioa, elkarrekin abesten.