euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

EAS-EZE: Mikel Otxoteko eta Jaime de los Ríos artistak hautatu ditu Bitaminek lanak Buenos Airesen erakusteko

2026/06/05

Bitamine Kultur Elkarteak Mikel Otxoteko eta Jaime de los Ríos hautatu ditu Buenos Airesera bidaiatzeko
Bitamine Kultur Elkarteak Mikel Otxoteko eta Jaime de los Ríos hautatu ditu Buenos Airesera bidaiatzeko

PUBLIZITATEA

Irun, Gipuzkoa. Bitamine Kultur Elkarteak bi artista donostiar hautatu ditu, euren lanak aurten MUNTREF-Tres de Febrero Unibertsitate Nazionaleko Arte Garaikide Zentroan erakutsi ditzaten, EAS-EZE programaren baitan. Mikel Otxotekoren "Buenos Aires: ecologías urbanas" eta Jaime de los Ríosen "Instrucciones para encender un diálogo" proiektuak azaroan iritsiko dira hiriburu argentinarrera, data oraindik zehazteke; erakusketekin batera, artistek tailerrak eta hitzaldiak ere eman ditzaten, arlo akademikoan, eta baita komunitate osoari begira ere.

EAS-EZEren aurreko edizio guztietan sortzaile bakarra hautatu bada ere, 2026an Bitaminek eta UNTREF Unibertsitateak ahalegin bikoitza egin dute parte hartu behar duten artistak bi izan daitezen. Helga Massetani Bitamineren sortzaileak EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, “Bistan da bidaia eta egonaldiaren kostuak bikoiztu egingo direla, baina merezi du honela egitea Bitamineren 15. urteurrena ospatzen dugun honetan, eta aurtengoa EAS-EZE programaren hamargarren edizioa izango denez. Ahalegina merezi duela uste dugu”, adierazi du.

“Izan ere, urtez urte, EAS-EZEren deialdiak gero eta maila handiagoko artistak erakartzen ditu, nazioarteko ibilbide oso garrantzitsuak dituztenak. Asko pozten gaitu, beraz, aurten bi artista hautatu ahal izan ditugulako; aukeratutako proposamenek, gainera, elkarren artean ezberdinak izan arren, euren artean elkarrizketa aberatsa sortzeko aukera ematen dute, hainbat ardatz komun ere partekatzen baitituzte”, dio Massetanik.

‘Buenos Aires: ecologías urbanas’ proiektuan, Mikel Otxotekok hiriaren migrazio-ekologien sistema geruzatu gisa irakurtzea proposatzen du, migrazio fluxuek hiria nola eraldatzen duten aztertuz. ‘Instrucciones para encender un diálogo’ proiektuan, berriz, Jaime de los Ríosek teknologiaren, boterearen eta harremanen inguruko irakurketa poetiko eta kritikoa proposatzen du. EAS-EZE, Bitaminaren Kultur Elkarteak "ikerketa eta ekoizpen artistikoa sustatzeko, euskal sortzaileen nazioarteko proiekzioan laguntzeko eta mugikortasuna zein kultura-trukea" bultzatzeko proiektua da, Etxepare Euskal Institutua lagun. Argentinan sei urte daramatza UNTREF Unibertsitatearekin elkarlanean eta BIENALSUReko edizioetan parte hartuz.

Mikel Otxotekoren ‘Buenos Aires: ecologías urbanas’; Jaime de los Riosen ‘Instrucciones para encender un diálogo

- Bitamine Instagramen, bitamine_eus



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia