Buenos Aires, Argentina. Bitamine Faktoriak 2025eko EAS-EZE programan parte hartzeko hautatua, Etxeparen Euskal Institutuaren babesarekin eta Bienalsur 2025 kultur ekitaldiaren barruan ‘Ibaia ez da toki bat’ argazki erakustaldia ireki zuen Nagore Legarreta hernaniarrak abuztuaren 9an, MUNTREF-Buenos Aireseko Arte Garaikide Zentro eta Inmigrazioaren Museoan. Legarretak 2016an sortutako ‘Ibaia ez da toki bat’ proiektuko eta kamera estenopeikoekin hartutako hainbat irudi ikus daitezke erakusketan. Lanak irailaren 7ra arte egongo dira ikusgai, sarrera libre eta doan.
Nagore Legarreta, Diana Wechsler eta Helga Massetani erakusketaren inaugurazioan (argazkia Bienalsur)
Talde polita bildu zen Muntref-Inmigrazioaren Museoan erakusketa ikusteko (argazkia Bienalsur)
Euskal Herriko artistarekin batera, Diana Wechsler Bienal-eko zuzendari artistikoak eta Helga Massetani Bitamine-ren sortzaile eta erakusketaren kuradoreak hartu zuten parte inaugurazioan. Argentinako adituekin mintzateko aukera ere izan zuen argazkilari hernaniarra inaugurazioaren ostean egin zen solasaldian. Pablo La Padula biologoarekin eta Nicolas Wainszelbaum soziologo eta kultur kudeatzailearekin, La Plata ibaiak hirian daukan rolaz eta garrantziaz mintzatu ziren.
‘Ibaia ez da toki bat’
‘Ibaia ez da toki bat’ (Iñaki Segurola idazleari hartutako esaldia) proiektuak, azken hamar urte hauetan Nagorek egindako argazki sorta biltzeaz gain gizarteek ibaiekin duten harremana aztertzera ere gonbidatzen du. Helburu honekin, 2016tik lan ederra egiten ari da argazkilaria hainbat ibaitan, tartean proiektuaren protagonista nagusi den Donostian itsasoratzen den Urumean, baina baita Ebro-n eta Nerbioin ere. Euskal Herritik kanpo ere ibili da, Odra ibaian (Polonian) eta Almendares ibaian (Kuban).
“Proiektuko argazkiak urazalean jarritako eskuz eraikitako kamera estenopeikoekin atera dira. Ez da gure begiak begiratzen duena baizik eta ibaia naturari so, teknika eta denboraren mugak itxuragabetzen”, azaltzen du bere erakusketan “ibaien-ibai bat” sortu duen artistak.
Buenos Airesko agenda
Bienalsur 2025eko programan bere lana aurkezteaz gain, beste proiektu batzuk baditu argazkilari hernaniarrak datozen asteetarako Buenos Airesen. Alde batetik, hiriaren kostaldea bustitzen duen Rio de la Plataren urazalean jarriko ditu bere kamarak ‘Ibaia ez da toki bat’en bilduma osatzen jarraitzeko. Beste alde batetik, 'Ibaia ez da toki bat, Urumea’ dokumentala aurkeztuko du hiriburuan Euskaltzaleak-en, abuztuaren 22an, arratsaldeko 7:30etan. Beñat Iturrioz zuzendari, “sorkuntzaren prozesua ez ezik, ibaia nola ikusten dugun eta batez ere ibaiak gu nola ikusten gaituen” saiatzen da erantzuten dokumentala.
Abuztuaren 23an, berriz, argazkilari estenopeikoen topaketan-mintzaldian hartuko du parte Nagorek. Hitzordua arratsaldeko 6:30etan izango, Cooperativa de la Imagen elkarteko egoitzan, Callao kaleko 569. zenbakian. Moderatzailea, Diego Cuneo.
- Proeiktuari buruzko informazio gehiago, Ibaia ez da toki bat
- Nagore Legarretaren Instagramen, nagorelegarreta