Chacabuco, Argentina. Egutegiak irailaren 8a ezartzen badu ere Euskal Diasporaren Egun ofizial gisa, Argentinako euskal etxeek asteburu honetan bertan ekingo diete ospakizunei. Lehen hitzordu nagusia Chacabukon izango da: bertako Guillermo Larregui euskal etxeak indarrak batuko ditu Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat, Pergaminoko Lagun Onak eta San Nicolaseko Euzkal Etxearekin. Aurreko urteetan finkatutako dinamikari segituz, eta bertako Udala lankide, lau euskal etxeek elkarlanean antolatu dute jaialdia, besteak beste osagai izango dituena zuzeneko musika, dantzak, sukaldaritza, euskarazko jarduerak, jokoak, musa eta tailerrak. Horrez gain, erronka gastronomiko berezia prestatu dute: 1.200 tripaki bizkaitar erara anoa zerbitzatuko dituzte, hiru metro baino gehiagoko diametroa duen zartagin erraldoi batean.
Ekitaldia goizeko 10etan hasiko da Danborrada batekin. Desfilea Euskal Etxetik (R. E. de San Martín kalea, 230) abiatu eta San Martin plazarainoko bidea egingo du. Bertan egingo da ekitaldi ofiziala, Arrecifes, San Nicolás eta Chacabucoko euskal etxeetako abesbatzak partaide. 11:45ean, bertako sukaldarien koordinatzaile Lucía Igarzabalek euskal gastronomiari buruzko sarrera-hitzaldia emango du. Bazkalostean, dantzari txikiak oholtzaratuko dira. 16ak aldera, danborrak berriro entzungo dira martxan, eta horrek hasiera emango die Arrecifes, Pergamino, San Nicolás, Cañuelas eta anfitrioi den Chacabucoko dantza-taldeen emanaldiei 18ak arte, ondoren San Nicoláseko Haritz musika-taldearen kontzertuari abiatzeko. Horrez gain, hasiberrientzako Mus Tailerra eta txapelketa azkarra ere antolatu dira. Euskara-tailerrak, haurrentzako zein helduentzako jolasak eta euskal kirol tradizionalak ere euren lekua izango dute; baita Diasporako gazteeei Euskal Herrian murgiltze kultural eta linguistikoa egiteko aukera ematen dien 'Gaztemunduri Ateak Ireki' programari buruzko informazio-guneak ere.
Argentinako beste hitzordu batzuk
Chacabucoko hitzorduaz gain, agendak aldi bereko hitzorduak batuko ditu herrialdeko hainbat tokitan. Irailaren 5ean, larunbata, elkarretaratze bat egingo du Lapridako Lagunen Etxea Euskal Etxeak. Igandean, General Rodriguezen, bertako Eusko Aterpeak Euskal Diasporaren Eguna eta bere 27. urteurrena ospakizea uztatuko ditu, erreki zaporetsu bat ere tarteko. Ordu berean, Villa Mariako Euzko Etxeak Diaspora ospatzeko bazkaria egingo du, arratsaldean te bingoa eginez. Bestalde, Comodoro Rivadaviako Euskal Echeak herrian egun horretan gauzatuko den Patagoniako Aitzindari Immigranteen Desfilean parte hartu eta Diasporaren Eguna ere ospatuko du, azpimarratuz "aukera bat d(el)a harro baiesteko gure erroak eta gure identitatea"..Gómez-en, Brandsen partidoan, 'Vascos en Bradsen' elkarteak deia egin die bertako lagunei, Lujango Ama Birjinaren Parrokian egingo duen Gernikako Arbolaren kimu baten landaketan, Tandilgo Euskal Etxeak emana, parte hartzeko.
Buenos Airesko Eusketxek astelehenean, hilaren 7an, egingo du bat , bilera birtual batera deituz 18:00etan, partaidetza eta hausnarketa gune bat eskainiz egunari buruz eta Diasporaren errealitateaz eta izaeraz (eskatu esteka eusketxe@gmail.com helbidera).. 8an berean, bazkaria 'Vascos de Brandsen'ek antolatua Club El Indio-n, euskal gastronomia eta dantzez (xehetasunak baieztatzeke). Hilaren 12an, larunbatean, Necocheak eta Buenos Aires hiriak hartuko dute lekukoa. Kostaldeko hirian, Euzko Etxeak bere ohiko Gaualdi Artistikoa aurkeztuko du Etxeko bost dantza taldeen eta Osasuna Otxotearen emanaldiekin, txistorra, pintxoak eta txerria eskainiko dituen erromeria bati bide emateko. Bien bitartean, Buenos Aires hirian, Iparraldeko Euskal Etxeko (Moreno 1370, CABA) Alkartasuna sukaldaritza-taldeak pintxoak, enpanadak, zozketak eta herri-kantuekin hartuko ditu bertaratutakoak. La Platako Euzko Etxean, gonbidapena 12rako da baita ere, izan ere "Kulturaz, tradizioz eta bertopatzeaz beteriko gau batera, elkarrekin ospatuz Euskal Diasporaren Eguna". EEko polikiroldegian da hitzordua, sarrera 4.000 pesona, musika, dantza eta bozkarioa osagai, "bozkario handia, gure erroak eta gure euskal kultura ospatzea helburu duen hain gau berezi honetan".
Astelehenean, artikulu berri bat, Euskal Diasporaren ospakizunez munduan barrena.
(Zeure euskal etxea eta bere Diasporaren Eguneko ospakizunak ez badituzu artikuluan islatuta ikusten, aski duzu info@euskalkultura.eus helbidera idatzi eta informazioa pasatzea. Mila esker aldez aurretik)

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


