Chascomús, Argentina. Franklin kaleko euren egoitza txiki geratuta, lekua aldatu egin behar izan zuen Chascomúseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeak eta La Alameda estantziara pasa, EEaren birfundazioaren hogeita hamabosgarren urteurrena ospatzeko bildu ziren 300dik gora lagunei leku egokia ematearren, joan den larunbatean, abuztuaren 29an. Afaria eta erromeria gau luze eta pozgarria izan zen, oroitzapen, emozio eta berrelkartzez betea. Partaide izan ziren FEVAko lehendakari Carlos Miguelena, Buenos Aires probintziako zenbait euskal etxetako ordezkariak —La Plata, Mar del Plata, Maipú, Cañuelas, Necochea eta Buenos Aires— eta Turismo, Kultura eta Kirol Udal Idazkaritzako agintariak.
"Agur" hunkigarri bat dantzatu zuten batera Eusko Haziako egungo zuzendariek eta 1991tik aurrera taldea gidatu izandako zuzendari guztiek, eta halaxe hasi zen ikuskizuna. Julieta Laborde, Catalina Martínez eta Camila Humaran gidari, 70 dantzari igo ziren oholtzara. Zuberoako Maskarada, kaskarotak, jauziak, arku dantza, ezpata-dantza, azkoitia, fandangoa eta arin-arina dantzatu zituzten eta talde ertaina estreinekoz taularatu zen ezpata-dantzarekin; bertako dantzariek eta euskal etxe lagunetakoek elkarrekin prestatu eta eskaini zuten ikuskizuna. Horrez gain, Gustavo Armendariz elkarteko lehendakariak gainbegirada eman eta 1951ko sorreratik eta 1991ko berrabiatzetik gaur egunera bitarteko bidea jorratu zuen.
Ospakizunak omenaldiak eta aldaketak ere ekarri zituen. Teté Ayerzak alkate kargua hartu zuen, bere semeek dantzaturiko "Agur" batekin gorazarre egin ondoren. Bestetik, Ricardo Lucastegui eta Julio César Toffani saritu zituzten Mus Txapelketa Nazionalean lortutako txapeldunorde postuagatik, eta aurreko agintariak eta batzordekideak ere omendu zituzten. Musika arloan, berriz, Bautista Constancio, Eloisa Constancio, Amparo Güimill eta Maite Orondo gazteek osatutako Denok taldeak jendaurreko bere lehen emanaldia eskaini zuen Txoriak txori, Lau teilatu eta Ikusi mendizaleak abestuz. "Oso pozik gaude egindako lanarekin. Lau hilabetez aritu gara hitzordu hau prestatzen, eta oso gustura amaitu dugu lortutako erantzunarekin, berriro egiteko gogoa geratu zaigu", laburbildu dio ekitaldia Armendariz lehendakariak EuskalKultura.eus-i, Chascomúsko euskal elkartearen urteko egutegiari gailur bikaina ekarri dion ospakizunaz harro.
Zorionak, Chascomús!

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


