Chascomús, Argentina. Chascomuseko euskal diasporaren memoriak ez zuen etenik izan 60ko hamarkadan hiriko jatorrizko euskal elkarteak ateak itxi zituenean. 1952an landatutako haziak -—garai hartan Agirre eta Leizaola lehendakarien bisitak jaso erakundeak— duela 35 urte eman zuen behin betiko fruitua. 1991ko urtarrilean, talde berritzaile bati esker, Zingirako Euskaldunak berriz ere euskal etxe gisa eratu zen. Ondoren, 1999an, Franklin kaleko lurzoruaren lagapena lortu zuten Udalaren eskutik, eta bertan eraiki zuten gaur egun egoitza dotorea dutena. Urtebetetze ekitaldi nagusia abuztuan egingo badute ere, Euskal Etxeak egitarau zabala prestatu du 2026an, gutxi batzuen ametsa errealitate sendo bihurtu duen ibilbidea ospatzeko.
Urteurreneko agenda martxan da dagoeneko, protokolo hutsetik haratago. Diseinatzaileak elastiko oroigarriaren diseinua lanean ari diren bitartean, bazkideak urteko lehenengo jarduera prestatzen ari dira, txikienei zuzendutako saio bat bain zuzen, dantzari taldera kide berriak erakartzeko asmoz. Gainerako hilabeteetan ere ez da ekitaldirik falta izango, eta kultura, gastronomia, artea eta kirola tartekatuko dituzte hilero. Abuztuko festa nagusiaren aurretik, San Ferminak eta San Juan gaua ere ospatuko dituzte. Horrez gain, aurtengo beste asmoetako bat Chascomus Pilota Clubarekin batera txapelketa bat antolatzea da, elkarte hori izan baitzen euskal etxearen behin-behineko egoitza bere garaian.
Eskola proiektua
Kirol arloan, proiektu batek pizten du interesik handiena: frontball eskola bat sortzeak. EEko lehendakari den Gustavo Armendariz Udaleko Kirol idazkari ohia ere bada eta oso gogotsu agertu da esku-pilota modalitate moderno honekin. “Iaz aurkeztu genien proiektua agintariei. Ea urteurren urte honetan abian jartzen dugun, eskoletara iritsi eta jende gehiagorengana zabaltzeko”, azaldu dio Armendarizek EuskalKultura.eus-i. Izan ere, frontballa ate aproposa izan daiteke Chascomuseko gazteak jolasaren bidez euskal sustraietara hurbil daitezen.
Zorionak, Zingirako Euskaldunak!

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


