Buenos Aires, Argentina. Donostian San Sebastian festak abiatzeko Konstituzio Plazan lehen aldiz bandera igo zuteneko mendeurrena ez da oharkabean igaro Diasporan, eta Argentinako zenbait euskal etxek gogoz ospatu dute urteurrena. Necochea kostaldean, Euzko Etxeak hiru eguneko egitarau zabala antolatu zuen urtarrilaren 23, 24 eta 25ean. Ostegunean hiriko tabernetan zehar egindako pintxo-pote jendetsuarekin ekin zioten festari. Ostiralean, erromeriak hartu zuen lekukoa Gazte Alai eta Dino Alai bertako dantzarien eskutik; haiekin bat egin zuten Rosario, Bahía Blanca, Mar del Plata, La Plata, Cañuelas eta Buenos Airestik etorritako danbor-jotzaileek. Larunbatean iritsi zen ekitaldi nagusia: Osvaldo Martínez Lecumberri Alkate izendatu eta Danborrada gogoangarria egin zuten. Esteban Dabadieren zuzendaritzapean eta Udal Bandak lagunduta, Lapridako Lagunen Etxeko konpartsa berriak hogei bat lagun gehitu zituen taldera, estreinaldi pozgarria eginez.
Arrecifesen, Euskaldunak Denak Bat euskal etxea sorreratik izan da emigrazio gipuzkoarrari bereziki lotutako euskal komunitatea, eta hutsik egin gabe ospatu zuen urtarrilaren 20ko bezpera. Euskal Kultur Etxeko aretoan egindako afari herrikoian irudi historikoak pantailaratu zituzten, festaren esanahia azalduz eta Donostian zein Diasporan ere izan duen garapena, hango eta hemengo bandera-igoeren irudiak erakutsiz. Gogoratzetik eta nostalgiatik, festarako bidea egin zen ondoren; etxeko danborrariak, txiki zein heldu, makilak eskuan hartu eta barrilen eta danborren hotsarekin bat egitera gonbidatu zituzten mahaikideak.
Lapridako Lagunen Etxeko Danborradako partaideak Necochean estreinekoz San Sebastian Egunean
Pergaminon, Lagun Onak euskal etxeak Danborrari Topaketa bat aukeratu zuen bere 75. urteurreneko ospakizunei hasiera emateko. Urtarrilaren 24ko gauean, Donostian egun batzuk lehenago bizitakoaren irudiak ikusi ondoren, zuzeneko musikari eman zioten bidea. Carlos Oteguiren gidaritzapean, bertako danborrari eta kupel-jotzaileek San Sebastian Martxa eta Sarriegiren beste pieza batzuk jo zituzten. Euskal etxeak deialdi irekia egin zuen ekitaldian, ospakizun urte honetan konpartsa handitzen jarraitzeko asmoarekin kide berriak erakartzea proposatuz..
Villa Marian ere ez ziren danborrariak faltatu urtea hastearekin batera urrian bertan egingo duten 2026ko Euskal Aste Nazionala iragartzerakoan, baina honi buruz beste artikulu batean mintzatuko gara. Eta azkenik, San Nicolásen, udako barnetegian parte hartzen ari ziren irakasle eta irakaslegaien taldeak ukitu berezia eman zion jaiari. Mitre Plaza enblematikoan Argentinako banderak eta ikurriñak harro aireratu ziren, Luján Valielak zuzendutako danborren erritmoan. Lagun ugari hurbildu ziren herrialdeko hainbat txokotako euskaltzaleek eskainitako saioaz gozatzera. Ospakizuna Euskal Etxean egindako afari batekin amaitu zen, Arrecifeseko lagun batzuk ere bertan zirela.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



