Laprida, Argentina. Lapridako Lagunen Etxea Euskal Etxeak bere 36. Urteurrena ospatu zuen abenduaren 7an, festara bazkide eta lagun ugari bertaratu zirela, tartean Olentzero eta Mari Domingi, igande arratsaldea, Eguberri giroz bustiz, egun hauetan Argentinako hainbat euskal etxetan egiten ari diren urte amaierako ekitaldi guztietan gertatzen den bezala. Etxeko haurren laguntzaz Gabonetako zuhaitza apaintzeaz gain, gaztetxoek nahiz helduek euskal dantza emanaldia eskaini zuten. Halaber, Euskal Etxeko jardueren arduradunei merezitako aitorpenak banatu zitzaizkien. Hala ere, unerik garrantzitsuena hainbeste espero zen estreinaldi batek ekarri zuen: Lagunen Etxearen Danborrada Donostiarraren aurkezpen ofiziala. Gogotsu jo zituzten danbor-jotzaile berriek Donostiako Martxa eta Iriyarena.
Olentzero eta Mari Domingik bat egin zuten abenduaren 7an Lagunen Etxearen 36. urtebetetzearekin, Monica Azpiazu zuendari duen danborradaren estreinuan, txikien danborrada ere berehala hastekotan
Lapridan luzaroan amestutako nahiaren gauzatzea izan da konpartsa. Proiektuak aurtengo uztailean hartu zuen bultzada, Arrecifeseko Euskal Etxetik etorritako María Luján Valielak tailerra eskaini zuenean. Gogoa piztuta, hurrengo erronka instrumentuak lortzea izan zen: lehenengo zurezko upel batzuk Pergaminoko artisauei enkargatu zitzaizkien; falta zirenak, bertako jendeek egin zituzten, irudimena eta eskura zutena erabiliz. Azkenik, beharrezko elementuak eskuetan, talde osatzen duten 14 kide gogotsuek bertako musikari Roberto Fredesekin hasi ziren lanean, entseguak gidatzeko pertsona egokia. Danbor eta upel helduen taldea abuztuan hasi zen praktikatzen, eta datorren urtean Etxeko txikiak ere batzea espero dute.
Urtarrilaren 24an Necochean joko
Emozioa estreinaldiagatik nabaria da, ahalegina fruituak ematen ari baita. Danborrada taldearen sustatzaile eta Lagunen Etxeko lehendakari Mónica Azpiazuk harro azaldu dio sentipena EuskalKultura.eus-i: “Denbora goxoa pasatu dugu, asko gozatzen dugu eta, gainera, poz-pozik gaude Necocheako Euzko Etxearen gonbidapena jaso baitugu datorren urtarrilaren 24an eurem San Sebastian ospakizunera batzeko”, diosku bozkarioz. Danborradaren erritmoa Euskal Etxeko ateetatik haratago ere entzunaraztea erronka berri izango dute, aukera bikain gisa euskal kulturaren tradizio adierazgarri eta enblematikoenetakoa den hau hedatuz, hemendik aurrera baita Laprida aldean ere.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


