Donostia-San Sebastian. Mundura ateratzea euskaldunen ezaugarri izan da euren historian zehar, gehienetan begirada etxera itzultzean jarrita, baina hori ez da beti posible izan eta herrimna lagun bizi izan dira abegia eman dien herrialdeetan. Herrimin hori arintzeko eta kanpoan sortutako belaunaldi berriri arbasoen kultura. ohitura, hizkuntza eta moldeak transmititzeko sortu ziren euskal etxeak, loturak atxiki eta haziak lurralde berrian erein eta segida berri bat emateko. Denboraren poderioz, zazpi probintziek zortzigarrena ekarri zuten, iraganari segida emateko gogo gotorra akuilu. Eta hori guztia da Euskal Diasporaren Egunak azalerazi eta aldarrikatu nahi duena Euskal Herrian eta munduan zehar egunotan egingo diren ekitaldietan.
Irailaren 8an da berez ospakizunaren eguna, eta ekitaldi ofiziala Donibane Lohizunen izango da aurten, Imanol Pradales Lehendakaria buru. 'Izan ginen, bagara eta izango gara' lelopean, lehenengo Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena gogoan, Agirre Lehendakariaren bidaia ardatz hartzea da proposamena: "Gernikatik New Yorkera, Berlinetik igarota. Euskal diasporaren memoria, erbestea, oraina eta etorkizuna lotuko dituen esperientzia gisa". Ekitaldia, 18:00etan, hiriko Peyuco Duhart Kultur Zentroan (Tanka Aretoa) eta, Agurtzane Intxaurraga buru antzeztuko den Agirre eta erbestearen istorioa taularatzearekin batera, gonbidatu berezi bat arituko da, esan nahi baita Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxeko ‘Betirako’ dantza taldeak dantzatuko baitu zeremonian, bi asteko kultur truke eta ikasketa egonaldia egiten ari baita Euskal Herrian. Ekitaldiaren programa osoa, hemen.
Euskal Herritik atera gabe baina Bizkaian, Arratia bailaran, irailaren3tik 5era, Areatzan bizi den Marta Jaunarena euskal-argentinarra eta udal partaidetzarekin, argentinar eta euskal kultura uztartzen dituzten mota askotako jarduera eskaini dira joan den astean Zeanurin, Igorren eta Areatzan antolatu duten Euskal Diasporaren Asteko programan. Euskal bertsolariak eta Argentinako payadoreak eta euren tradizioaren arteko topaketa, 'Herencia Viva-Herentzia Bizia' dokumentalaren estreinaldia, Argentinako euskal komunitaeetan grabatu zen Transmisioa dokumentala, herri-kirolak, dantzak eta musika... Dantza taldeen artean Tandilgo ‘Betirako’k euskal dantzak, eta chacareraren bat ere eskaini zuen ohotzaratu zenean (ikus bideoa).
Arratiako Euskal Diasporaren Astea irudietan laburbildua (bideoa, Begitu)
Aldi berean, irailaren 8an bertan baina baita hilabete osoan zehar ere, ehundik gora euskal elkartek antolatuko dituzte festak, elkarretaratzeak, hitzaldiak eta bazkariak Euskal Diasporaren Egunarekin bat egiteko. Uruguain, esate baterako, FIVUk eta Vasconia Florida Euskal Etxeak deiturik, Floridako Nekazaritza Elkartean bildu ziren atzo Federazioak elkartzen dituen euskal etxeak, programa honekin: lore eskaintza Gernika Muralaren oinarrian; ongi etorria Vasconia Florida EEko Servando Echeverría Olalquiagaren ardurapena; aurreskua eta dantza emanaldia, Haize Hegoa EEko dantza taldearekin; bazkaria; hiriko Orkestra Sinfonikoaren emanaldia.
Montevideon, gainera, Juan Pedro Arinen “Jesús de Galíndez: la tumba abierta” hitzaldira gonbidatzen du Euskaro Euskal Etxeak. Hitzordua, irailaren 10ean, 19etan. Hitzaldiaren ostean, ohorezko ardoa (informazioa hemen). Haize Hegoak, berriz, Euskal Diasporaren Eguneko erromeria ospatuko du irailaren 11an (informazioa hemen). Euskal Erria Euskal Etxearen kasuan, hilabetete osoan zehar Pilota Txapelketa antolatuko dute -modalitate guztiak barne-, Ongintza Batzordeak donazio bat egingo dio Errehabilitazio Institutuari, eta sukaldaritza ekintza ere egingo du Euskal Etxeak.
Santiagon, Txileko Euskadiren Ordezkaritza arduratuko da ospakizunaz eta Diasporaren Egunarekin batera Winnipeg itsasontzia herrialdera iritsi zeneko 87° urteurrena gogoratuko dute. Zeremonian errekonozimendu bat emango diote Txileko Euskal Gizataldea EEko Euskal Dantza Taldeari.
Peruko Limako Euskal Etxeak irailaren 5etik 9ra burutuko diren Arantzazu Ama Birjinaren omenezko ekitaldietan parte hartzera gonbidatzen du. Irailaren 2an eskainitako ‘San Prudencio, la mediación y la paz’ Vicente Luis Garcíaren hitzaldiaz gain, irailaren 8an ‘El euskera y la diáspora’ eta ‘Las danzas Vascas y la diáspora’ hitzaldiak eskainiko dituzte. Diaspora historikoaren omenezko mezu bat zabalduko dute eta bazkari batean bilduko dira limatarrak. Trujilloko Euskal Etxeak ‘Migración y Diáspora-Diáspora Vasca’ izenburuko hitzaldira gonbidatzen du. Gaur izango da, Cajamarca hirian, Wilfredo Lizarzaburu hizlari. Informazioa, hemen.
Antioquian, Kolonbian, Gure Mendietakoak Euskal Etxeak irailaren 19an ospatuko du, 15etan, Envigadoko Kultur Etxean. Euskal Etxeak eskualdean dauden euskal abizenei buruzko hitzaldia eskainiko du, Espainiako Festaren baitan. Brasilen, Sao Pauloko Eusko Alkartasunak memoriari lotutako jarduera antolatu du eta euskal etorkinen argazkiak bilduko ditu Diasporaren Egunean bere sare sozialetan argitaratzeko.
Estatu Batuetan, Chinoko Euskal Etxeak bere Urteroko Euskal Piknik Besta egin zuen atzo, irailaren 6an, egun osoko programa eta Euskal Herritik propio etorritako gonbidatuekin: Bankako Menditarrak kantariak eta Bizphiru Pelau taldea. Bostonen, berriz, irailaren 13an egingo dute Diasporaren Eguneko Topaketa. Proposamena lagunen arteko topaketa ‘informal’ bat egitea da, euskal jatorrizko jendea eta euskal kultura gustuko duten lagunak biltzeko. Hitzordua goizeko 11etan da, Bostoneko Merchants Row-en. Informazio gehiago, hemen.
Europa aldean, Londresko euskal gizataldeak joan den larunbatean ospatu zuen Goodinge Community Centre-n egindako bazkari batekin. Berlinen, berriz, jadanik klasikoa den Diasporaren Eguneko piknika egingo dute irailaren 12an, arratsaldeko 5etan, Tempelhofer Feld parkean (Informazioa, hemen). Eta Bruselan Sagardotegi Gaua antolatuko dute ospatzeko: irailaren 12an, arratsaldeko 19etatik aurrera. Afariaren ostean, musika eta barra. Ticketak, hemen. Madrilgo Euskal Etxeak ere badu programa berezi bat irailaren 8an baitan garatzeko: Elkarteko lehendakariak hitz batzuk esango ditu, Euskal Orfeoiak eta Gure Folklore taldeak euren emanaldiak eskainiko dituzte eta ospakizunari amaiera emateko, egongolen bilduko dira lagunak zerbait edateko.
Mallorcan ere ospatuko da Diasporaren Eguna, Artea Euskal Etxearen eskutik. Ekitaldia irailaren 12an izango da, ‘Tapeo’ Azokaren baitan, eta bi zati izango ditu: 18etan, Ingrid van de Reyt Balear Uharteetako Herbehereetako kontsulak eta Miguel de Vergara Kroaziakoak hitz egingo dute Parlamentuan; 18:15etan, topa egitea eta “Ikusi Mendizaleak” talde kantua.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


