Donostia-San Sebastián. Azken datu eta irudi tanda Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko egindako hitzorduekin. Urtez urte goititu egin da munduan zehar Diasporaren Eguna ospatzen duten euskal etxe eta elkarte kopurua. Ez dira gutxi irailaren 8an bertan –EDEren data ofizialean– ospatzen ez dutenak eta aurreko eta ondoko asteburu edo asteetan, irailean zehar ekitaldiak burutzen dituztenak. Helburua, ahal eta jenderik gehien bildu eta partaidetza bultzatzea eta horrekin batera hitzorduari merezi duen ikusgarritasuna ematea.
Azken tanda honetan, Europako, Ipar Amerikako eta Peruko jarduerak. Berlingo Gernika Euskal Etxeko lagunek jakinarazi digute irailaren 13an ospatu zutela Tempelhofer Feld-en eta piknik batekin. Bruselan, berriz, goi mailako bisita bat jaso zuen Bruselako Euskal Etxeak data ospatzeko: Zea Mays euskal taldeak ‘Elektrizitatea’ kontzertua eskaini zuen hirian. Kontzertua hasi aurretik pintxo eta edari batzuk ere partekatu zituzten bildutako lagunek Euskal Diasporaren Eguna gogoan.
Mallorcako Artea Euskal Etxeak, Son Rapinya Pilotalekuan ospatu zuen, pilota erakustaldia, partida eta elkarteko esku pilotaren taldearen aurkezpenarekin. Jagoba Arrasatek hitz batzuk esan zituen, Lucia izan zen aurkezlea eta musika, Severoren esku egon zen. Madrilen, irailaren 8an bertan ospatu zuten, euskal dantzak lagun, Euskal Etxeko dantzarien eskutik, elkartearen eraikinaren kanpo eta barru aldean.
Berlingo Gernikako Euskal Etxeko lagunak piknik bat partekatu zuten Diasporaren Eguna ospatzeko
Zea Mays Bruselako Mercelisko antzokian eta taldeko musikariak Euskal Etxeko lagunekin
Zea Mays taldearen klasikoetako bat Bruselan: 'Negua joan da ta'
Ezk: Mallorcako ospakizunean esku pilota eta pilotariak izan ziren protagonista, Esk: Jagoba Arrasate eta Lucia
Eta Madrilen dantza egiten ospatu zuten, Euskal Etxearen aurrean eta egoitzaren barnean elkatuz
Salt Lake City-n, familia giroan, askaria, musika, dantza... Jean eta Jean-Jules Flesher musikari
Cirbie Sangroniz dantza tailerreko zuzendari SLCn
Limako Euskal Etxean bertsoak euskaraz eta gaztelaniaz
Trujillon ere, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarekin etorritako gazteak topaketako lagun
Itsasoz gaindiko jauzia emanez, Atlantikoaren beste aldetik Utah-ko Euskal Etxeak aurreko urteetako atxikimendu bideari eutsi eta gogoz eta alai egin zuen bere deia aire zabalean bilduz Salt Lake Cityn bazkide eta lagunak, afari eta dantzaldia, eta euskal dantza tailer bat eskainiz, Euskal Etxeko eta Utah-ko Triskalariak taldeko buru den Cirbie Sangroniz koordinatzaile.
Liman, EDEren ospakizunean, afari ederra, musika eta kantak partekatu zituzten bildutakoek. Ekitaldian, laster etxera itzuliko diren "Euskadiko Gazteak Lankidetzan" programako boluntarioei agurra egin zieten limatarrek. Neska euskaldunek bertso hunkigarriak oparitu zizkieten Euskal Etxeko lagunei. Eta Prun, baina Limatik 600 kilometrora, Trujillon, euskal gizataldeko lagunek bi aktibitate egin zituzten ospatzeko; irailaren 8an egindako erakusketaz gain, bazkaria antolatu zuten azken asteburuan. Hirian dauden Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako neskek ere hartu zuten parte elkarretaratzean.