euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herriko Dantzari Eguna 2025 Laudion egingo, Txile, Argentina eta St Pierre eta Mikelune Diasporako ordezkari

2025/09/23

Euskal Herriko Dantzari Eguna urriaren 4an izango da, Laudion
Euskal Herriko Dantzari Eguna urriaren 4an izango da, Laudion

PUBLIZITATEA

Laudio, Araba. Datorren aste amaieran izango da, aurten Araban, Euskal Herriko Dantzari Eguna. Jaialdia urriaren 4an, larunbata, izango da, Laudion, eta bertara bilduko dira Euskal Herri osoko eta Diasporako berrogeitik gora dantza talde. Ikuskizun nagusiak zortzi zati izango ditu (lurralde bakoitzeko bana eta bi Bizkaiarentzat) probintzia bakoitza eta aniztasuna bermatzeko helburuarekin.

Hona Laudioko Alberto Acero Plazan garatuko den egitaraua:

- 11:00etan, Folklore Azoka (Alberto Acero Plazan)
- 12:00etan, Dantza Plaza (Alberto Acero Plaza)
- 17:00etan, Kalejira
- 17:30ean, Emanaldi Nagusia (Herriko Plazan)
- 19:00etan, Dantzarien afaria
- 10:30ean, Erromeria

Euskal diaspora partaide

Duela urte batzuk eta teknologiari esker, ‘Zortzigarren Lurraldea” ezizenarekin ezaguna den euskal diasporak ere baditu bere ordezkariak euskal dantzarien urteroko elkarretaratze honetan, ez aurrez aurre, pantaila eta bideoak tarteko. Diasporako talde bakoitzak aukeratzen du zein koreografía aurkeztuko duen eta bideoak emanaldi nagusian proiektatzen dira. Euskal Dantzarien Biltzarrak bere webgunean egiten du urtero deialdia. Argentinaren kasuan, gainera, FEVAk ere zuzenean helarazten die gonbitea euskal etxeei (parte hartu nahi izango bazenu, garaiz prestatu dantza eta bideoa, eta jakinarazi antolatzaileei, irrikaz baitaude lekua emateko Diasporako taldeei).

Hauek dira aurten parte hartuko duten Diasporako taldeak:

- José C. Paz Argentinako Toki Eder Euskal Etxeko Gure Talde Alai dantza taldea
- San Nicolás Argentinako Euzkal Etxea-ko Igaraba Taldea
- Buenos Aires Argentinako Oihankide dantza taldea
- Saint Pierre eta Mikeluneko Orok Bat 
- Txileko Santiagoko Euskal Gizataldeko dantza taldea

"Euskal Dantzarien Biltzarretik Diasporarekiko loturak mantentzen eta harreman berriak sortzen saiatzen gara", adierazi dio EuskalKultura.eus-i elkarteko erreferente den Erikak. "Eskuragai gaude diasporako dantzariek behar duten edozertarako; jantzi, dantza, musikei buruzko zalantzak argitzeko... Iaz Gaztemundu programaren bidez etorri ziren gazteei prestakuntza eskaintzeko ardura izan genuen eta guretzat esperientzia ederra izan zen. Orain, etorri ziren gazteekin eta euren euskal etxeekin egin genuen harremana mantentzea eta sendotzea espero dugu".

Dantza emanaldia zuzenean ikusi ahal izango da Euskal Herritik kanpo Euskal Dantzarien Biltzarraren Youtube kontuan. Aipatzekoa, webguneak Euskal Herriko dantzei buruzko oso material interesgarria biltzen duela, jatorriaren arabera sailkatuta.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia