euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2025eko Diasporaren Nazioarteko Eguna ospatzeko munduan antolatutako beste ekitaldi batzuen irudi, bideo eta isla

2025/09/11

Vasconia Floridak plaka oroigarri bat desestali zuen. Argazkian, Euskal Etxeko Carmen Arguiñarena, Carlos Enciso hiriko alkatea eta Enzo Vizacuiluz Departamentuen Batzordeko presidentea  (argazkia Florida Diario)
Vasconia Floridak plaka oroigarri bat desestali zuen. Argazkian, Euskal Etxeko Carmen Arguiñarena, Carlos Enciso hiriko alkatea eta Enzo Vizacuiluz Departamentuen Batzordeko presidentea (argazkia Florida Diario)

PUBLIZITATEA

Montevideo, Uruguai. Kasu batzuetan irailaren 8an bertan ospatu da eta beste askotan aurreko eta ondoko egunetan, Euskal Diasporaren Eguna, munduan barrena. Aldi guztietan, baina, argi da urteroko hitzordu hau arras barneratu eta errotu dela euskal etxe eta komunitateetan eta, hori bai bakoitzak ahal izan duen edo hobeki etorri zaion momentuan egin duela bat deialdiarekin, ekitaldi motak ere ugari izan direla, norberak bere jendea erakartzeko une egokiena hautatu duela. Helburua ere, bat bera: “Diasporak Euskal Herritik kanpo duen presentzia ikustaraztea eta Euskal Herriarekiko bere ekarpena azpimarratzea”. Artikulu honetara bildu ditugu Salto, Montevideo (Haize Hegoa, Euskaro eta Euskal Erria), Florida, Txileko Santiago (Euzko Etxea eta Euskal Gizataldea) eta Trujillo. Datozen egunetan segituko dugu.

Uruguain, Saltoko Euskaldunen Taldeak ‘Euskal Marinelak’ izenburuko hitzaldia antolatu zuen, ‘Mercado 18 de julio’ko egoitzan eta Liburu Azokaren programaren barruan. Pintxo eta ardo batzuk ere eskaini zituzten antolatzaileek. Montevideon, Haize Hegoak afari batekin hasi zuen bere programa. Eta aste honetan zehar hiriko hiru eskola bisitatuko dituzte, Euskal Herriari eta Diasporaren Egunari buruzko informazioa zabaltzen. Euskaro Euskal Etxeak bere ohiko Bingoa egin zuen, proposamen batzuk euskaraz gehituz; baina opari oso polita ere jaso zuen Diasporaren Egunaren karietara: hainbat zorion bideo, Euskal Herritik hainbat lagunek bidaliak. Montevideon ere, baina Euskal Erria Euskal Etxean, irailaren 8an janari dohaintza egin zion Elkarteko ongintza batzordeak ‘Ollas populares Ciudad Vieja’ elkarteari. Ekintzek hilabetean zehar jarraituko dute.


Salto Euskaldunen Taldeak antolatutako hitzaldia, Jorge Supparo Iraola hizlari 


Montevideoko Haize Hegoa-ren festa-ekitaldia, euren eguna elkartearen egoitzan ospatuz

Euskaro Euskal Etxeak agur bideoak jaso zituen Euskal Herritik, Instagram-en ikusgai


Euskal Erria EEak elkartasuna jarri zuen dantzan, dohaintzak eginez ospatzeko


Floridako 'Vasconia Florida' Euskal Etxeak antolatutako zeremonian plaka oroigarri bat desestali zuten


Diasporaren Eguna ospatuz, Erasmus programako ikasleei egindako ongi etorria Santiagoko Euzko Etxean


Trujillon Cecilia Castillo eta Wilfredo Lizarzaburu hizlari, EHko ikasleak ere bilduz: Leire, Malen, Iraide, Malen eta Uxue

Zalantzarik gabe, baina, ekitaldi hunkigarrienetako bat Uruguaiko Florida hirian antolatu zena izan zen. Bertan plaka oroigarri bat desestali zuen bertako euskal kolektibitateak Uruguairen Independentziaren Bigarren Mendeurrenaren omenean. Plaka, Gernikako Bonbardaketa gogoratzen duen muralaren ondoan jarri zuten, Carlos Enciso Floridako alkatea buru izan zuen zeremonian.

Txileko Santiagoko Euzko Etxeak, Erasmus programaren bidez Txilera iritsitako Euskal Herriko gazteei egindako ongietorri ekitaldiarekin batera ospatu zuen Diasporaren Eguna. “Jaia inoiz baino arrakastatsua izan zen; izan ere 200dik gora gaztek hartu zuten parte”, jakinarazi dio EuskalKultura.eus-i Ignacio Bastarrica Euskal Etxeko lehendakariak. Arratsaldean jolasak, musika, dantza eta euskal giroa nagusitu ziren. Eta Santiagon bertan, Txileko Euskal Gizataldea EEak 'Euskal mitologia'ri eskainitako erakusketa eta proposamen batekin gauzatu zuen bere atxikimendua, egoitza duen 'Estadio Español'en egoitzan. Bere bazkide Estela Socias idazleak euskal mitologiaren eta Txilekoaren arteko parekotasunak aletu zituen eta haur, gazte eta helduek marraztutako izaki mitologikoak ipini ziren ikusgai.

Perun, Trujilloko Euskal Etxeak gonbidapena luzatu zuen bazkide eta lagunei, 'El Cultural'eko Abraham Lincoln Liburutegian bil zitezen. Ekintza Cecilia Castilloren eta Wilfredo Lizarzabururen esku egon zen, eta diaspora eta emigrazioa aztertu zituten oro har, bereziki Euskal Herria, bere izaera eta kultura, eta bere munduratzea aurkeztuz. Kasu honetan, gaibera, entzuleak aretoan bertan eta kanpoan ere izan zituzten, ekitaldia zoom bidez transmititu baitzen Perura eta mundu osora.



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia