Macachín, Argentina. Macachingo Unión Vasca-Euzko Alkartasunak historia eta kultura gaualdi berezi bat biziko du bihar larunbata 20etan, "Liburutegi Aita Iñaki de Azpiazu" ofizialki inauguratuz, izan ere 5.500 bat biztanleko La Pampako herri honetako bigarren liburutegia. Ondoren afari bat antolatu dute, eta bertan Euskal Etxearen historia jasotzen duen bigarren liburua aurkeztuko da, honako izenburu luzeduna: “65 Años. Asociación Unión Vasca. Nuestra Euskal Etxea desde sus inicios hasta el presente: símbolo de esfuerzo, dedicación y perseverancia. Las prácticas deportivas, sociales y culturales”. Halaber, EEko hipodromoko 13 kolaboratzaile omenduko dituzte euren ibilbide eta konpromisoarengatik.
Aita Iñaki de Azpiazu Liburutegia 1959an sortu zen liburu sorta xume batekin. Denboran zehar dohaintza ugari jaso izan ditu, Eusko Jaurlaritza eta Argentinako euskal etxeengandik eta komunitateko kideengandik. 2022an hasitako sailkatze eta katalogatze lan zorrotzaren ondoren, eta edukiak txukundu ostean, liburutegia errealitate bat da orain. Euzko Alkartasuna Hoteleko atarian kokatua, 1.343 liburu ditu, eta inauguratu ondoren, publiko orokorrarentzat egongo da zabalik.
kalean bigarren liburukia EEaren historiaz
Euzko Alkartasunaren historia jasotzen duten lehenengo bi liburuak
Gaualdiak Euskal Etxearen historia aberatsa jasoko duten hiru liburukietako bigarrenaren aurkezpenarekin jarraituko du. Lehen liburuaren ildo beretik, Iñaki C. Unamunok idatzitako orrialde hauek, bere testigantza etorkizuneko belaunaldiei eta erakundearen historiaren erregistroan uztea dute helburu, batez ere EEren lehenengo 65 urte hauetetan garatu diren kirol, gizarte eta kultura jarduerei dagokienez. Argazki-bilduma eta informazio-bilaketa lan handi baten emaitza dakartza, bai idatzizko iturrietatik, bai ahozkoetatik lortuta, eta “egilearen jatorrizko idazkiaren funtsa mantenduz” argitaratu da, Stella M. Cornelis eta Mariana Funkner editoreek adierazi dutenez.
Lanak Euskal Herriko kirolen praktika jorratzen du, baita beste kirol eta aisialdi diziplina eta espresio batzuena ere, dagozkien gune eta instalazioetan, "Juan José y Raúl Mujica" igerilekua, "Dr. Roberto Sansinanea" petanka pista, "José Ignacio Chapartegui y Vicente García" gimnasioa eta gainontzeko kultura eta gizarte guneak aipatuz. Era berean, Euzko Alkartasuna Hotelaren eta "Esteban Garmendia" Aisialdi Parkearen eta Hipodromoaren historia aztertzen du. Bertan egiten diren zaldi lasterketak, jauzi lehiaketak, zaldi martxak eta beste zaldiketa jarduera batzuk biltzen ditu eta EEarenak diren instalazio horien sorreran eta garapenean lagundu zuten kideak aitortzen ditu.
Gaualdia ixteko, Unión Vasca-Euzko Alkartasunak, Euskal Etxeko honako 13 bazkide hauei aitortza egingo die hipodromoaren esparruan egindako lanagatik: Susana Garmendia, Oscar Funkner, Ignacio Garmendia, Beatriz Fernández, Elida Teresa Garmendia, Néstor Ariel Pérez, Sonia Pérez, Juan Carlos Urueña, Marta García, Perla Fernández, Néstor García, Mabel Suárez eta Liliana Carrera.
Erreserbatu liburuaren zeure alea
Liburua Macachingo Euskal Etxean erosi ahal izango da, aurkezpen egunetik aurrera. Zure alea ziurtatu nahi izanez gero, erreserbatu dezakezu 30.000 peso transferituz Unión Vascak duen aurrezki-kutxara. Datuak, honako hauek: Banco de La Pampa, CBU 0930324710100026172314, ezizena: CVMACACHIN. Bidalketa, Argentinara zein atzerrira, Correo Argentino bidez egingo da. Transferentzia egiten baduzu, bidali mesedez ordainagiria eta jakinarazi WhatsApp zenbaki honetara: 2954-609624. Informazio gehiago, zenbaki bertsuan WhatsApp bidez.