euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hiru Erreka: Arbaso immigranteekiko omenaldi hunkigarria Tres Arroyosen, "jaioterriko oihartzunak" erakusketan bizirik

2025/09/15

Euskal presentzia Immigranteen Monumentuan egindako ekitaldi ofizialean eta Mulazzi Museoan. Behean, Hiru Errekako Lehendakari Horacio Jaureguibehere, Celeste Cataneo, Clyde Etchegoyen eta Myrian Hojbjerg Izurieta EEko kideekin batera
Euskal presentzia Immigranteen Monumentuan egindako ekitaldi ofizialean eta Mulazzi Museoan. Behean, Hiru Errekako Lehendakari Horacio Jaureguibehere, Celeste Cataneo, Clyde Etchegoyen eta Myrian Hojbjerg Izurieta EEko kideekin batera

PUBLIZITATEA

Tres Arroyos, Argentina. Iraila arbasoei gorazarre egiteko hilabete berezia da Argentinan oro har eta baita euskal etxeetan ere, herrialdearen garapenean beren ahaleginarekin ekarpena egin zuten immigrante haiei esker ona adierazteko hila baita. Tres Arroyosen, beste behin ere, Hiru Erreka Euskal Etxeak parte hartze aktiboa izan du ospakizunetan, Atzerriko Gizatalde  Batzordeak eta Tres Arroyosko Udalak elkarrekin antolatutako ekitaldietan euskal ondareari merezitako omenaldia eginez modu diferentetan.

Batetik, Immigrantearen Eguneko ekitaldi ofizialarekin bat egin zuen joan den larunbatean Hiru Errekak, irailaren 6an, Tres de Febrero Parkeko Immigrantearen Monumentuan. José Fioravanti eskultoreak bertan eginiko lan itzelaz ohartaratzeko aukera ezin hobea eskaini zuen ekitaldiak. EEko Patricia Puente bazkideak, monumentua nabarmentzeko proiektuaren bultzatzaileak, euskal kolektibitatearen ordezkari gisa hitz egin zuen. Biolin baten musika lagun, “Uso zuria” euskal abesti hunkigarria kantatu zuen eta arbasoekin konektatzeko modu ezberdinei buruzko gogoeta partekatu zuen: musika medio, dantza, janaria eta baita jasotako ezaugarri fisikoen bidez ere, immigranteen ondarea "brontzetik jaitsi" eta agerian gera dadin. Bertan ziren Pablo Garate intendentea, kontsul ordezkaritza ugari, tokiko agintariak, hiriko atzerriko kolektibitateen ordezkariak eta ekitaldira batutako herritarrak.

 
Patricia Puente eta ekitaldi ofizialean banderak eraman zituzten Pilar Olsen Cubiatebehere eta Victoria Goyenechere

“Jaioterriko Oihartzunak”

Era berean, joan den asteartetik, irailaren 9tik, urriaren 1era arte, Hiru Erreka “Ecos de una tierra natal" (Jaioterriko Oihartzunak) erakusketan parte hartzen ari da José A. Mulazzi Museoko Jaka Aretoan. Hirian dagoen kultura-aniztasuna agerian uzteko helburupean, erakusketak lurralde hauetara iritsi ziren kulturetako hainbat objektu batu ditu , Ezequiel Lanzaren “Raíces" (Sustraiak) argazki-erakusketako lan batzuk, eta Tres Arroyoseko Guillermo Mink artistaren akuarela bilduma bat. Inaugurazio egunean, Mink-ek margo batzuk egin zituen zuzenean. 12 kolektibitatek hartzen dute parte eta euskal ekarpena Gipuzkoako Pasaiako portuko postal bat irudikatzen duen akuarela bat da, sorterri urrunari keinu eginez. Erakusketa aukera paregabea da publikoak Euskal Herriaz eta Hiru Errekaren jardunari buruz gehiago jakin dezan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia