euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Argentina: Euskal Etxeek Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko egindakoen oihartzun eta azkeneko hitzorduen berri

2025/09/21

Cañuelas, Paraná, Necochea, Azul...Argentinako Euskal Etxeetako Euskal Diasporaren Egunaren ospakizunetako postalak
Cañuelas, Paraná, Necochea, Azul...Argentinako Euskal Etxeetako Euskal Diasporaren Egunaren ospakizunetako postalak

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Eta segitzen dute egindakoen oihartzunek, eta oraindik ere ekitaldi berriek, azkenekoek, Euskal Diasporaren Eguna ospagai. Argentinako batzuk errepasatuko ditugu. Izan ere, aurten, berriro ere, Euskal Etxeak buru-belarri aritu izan dira, dabiltza, Argentinan, bat egiteko ospakizunetan. Euskal Diasporaren Eguna milaka euskalduni egindako omenaldi kolektiboa da, arbasoei, euren esfortzuaz, eta maleta ametsez beteta, lur hauetara etorkizunari apostu eginez etorri zirenei, herrialdea garatzen lagunduz, eta eurengandik jasotako legatuari. Arrecifesen abuztuko azken egunean egindako aurreneko topaketa jendetsutik abiatuta, herrialde osoa ekitaldiz bete da irailean, tartean Azul, Viedma, Buenos Aires, Cañuelas, La Plata eta Necocheako euskal etxe eta elkarteak lagun. Gure agendak hamarnaka hitzordu bildu ditu. Antolatutakoen artean, dantza erakustaldiak, afariak, abesbatzen kontzertuak, hitzaldiak, haurrentzako jaialdiak, omenaldiak-eta. Adibide gisa, testu honen ondoren dagoen argazki-galeriara batutakoan.

Bitartean, jarraitzen dute deialdiek. Argentinan, joan den larunbat honetan, Lapridako Lagunen Etxea euskal etxeak familia arratsaldepasa batera deitzen zuen, musika, haur jolasak, alaitasuna eta elkarretaratzea lokarri Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko, honako testu edo leloa argitaratuz gonbidapenarekin: "Diasporaren funtsa horixe da: batuta egotea, distantziatik ere, gure kultura eta tradizioak partekatzea. Zatoz jolastera ama, aitona, aitona-amonak, izeba-osabak, anaia-arrebak... nahi duzunarekin! Garrantzitsuena, elkarrekin libertitu eta ospatzea da".

Brasilen, egun berean, Sao Pauloko Eusko Alkartasuna euskal etxeak bere bazkide eta lagunak "delicioso brunch del Dia da Diáspora Basca" (Euskal Diasporaren Eguneko brunch bikain) ekitaldi batera deitu ditu.

Eta, Argentinara itzulita, eta momentuko, guk dakigula 2025eko Euskal Diasporaren Eguneko azkeneko deia izanik, datorren larunbatean, irailaren 27an, Brandsen-eko Euskal Elkarteak bere lehenengo Diasporaren Eguna ospatuko du Buenos Aires probintziako hiri horretan. Hitzordua Brandsen-eko Museo eta Artxibo Historikoan izango da. Jardunaldia ospatzeaz gain, "Euskaldunen Boulevarderako" proiektua ere aurkeztuko da bertan. Ekitaldian, Cañuelaseko Denak Bat dantza taldeak hartuko du parte, beste gonbidatu berezi batzuen artean.

Gogora dezagun Euskal Diasporaren Eguna 2015ean ezarri zela Euskal Gizataldeen VI. Mundu Biltzarraren baitan. Urtero, irailaren 8an, Juan Sebastian Elkanoren balentria gogorarazten digu datak, munduari eginiko lehen zirkunnabigazioa. Oroitze-data historiko hutsa baino gehiago, euskal nortasuna mundu osoan aldarrikatzeko eta ospatzeko urteroko aukera bihurtu da EDE.


Argazki galeria



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia