Donibane Lohizune, Lapurdi. Gero eta hurbilado dago irailaren 8a, Euskal Diasporaren Eguna, eta aurtengoan, Donibane Lohizune izan da mundu osoan barreiatutako euskaldunen eta Diasporako Euskal Herriaren oroigarri eta aldarrikatzaile gisa sortu zen egun berezi honen ekitaldi instituzionalaren edizio berria egiteko aukeratutako lekua. Astearte horretako 18:00etarako egin du deialdia Eusko Jaurlaritzak, Donibane Lohizuneko Peyuco Duhart Kultur Zentroan (Tanka Aretoa), Imanol Pradales Lehendakaria izango dela ekitaldiko buru.
'Izan ginen, bagara eta izango gara' hautatu dute 2026ko lelotzat. Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena gogoan, Diasporaren Eguna Agirre Lehendakariaren bidaia ardatz hartzea proposatu dute: "Gernikatik New Yorkera, Berlinetik igarota. Euskal diasporaren memoria, erbestea, oraina eta etorkizuna lotuko dituen esperientzia gisa". Deialdi irekia da, eta Diasporako euskaldunei, Diasporako euskaldunen lagunei eta, oro har, Diasporari aitortza berezia egin eta esker oneko omenaldi hau egin nahi dieten guztiei luzatzen zaie bertaratzeko gonbitea.
Aldi berean, egun horretan, eta juxtu aurreko eta ondoko egun eta asteburuetan, Diaspora osoan ehundik gora espero da izatea munduan barrena Euskal Diasporaren Egunarekin bat egingo duten jendeen elkarretaratze eta ekitaldiak, hamaika euskal etxe eta euskal komunitatetan, eta euskaldunen eta euren ondorengoen presentzia daukaten herrialde eta eskualdeetan, 'hemen gaude' esanez, norberak modu propioan gehituz bere burua, eta ospatuz egun horrek adierazi nahi duen eta aldarrikatzen duen Euskal Herriarekiko partaidetza eta senidetasun sentimentua.
Euskal Herrian bertan bazaude, gonbidatuta zaude Donibane Lohizuneko ekitaldira.
Diasporatik irakurtzen badiguzu, galdera: antolatu al duzue dagoeneko zeure euskal etxe, elkarte edo unibertsitatean Euskal Diasporaren Egunarekin bat egiteko festa, afari, topa-egite, hitzaldi, musikaldi edo bestelako saiotik? Hitzordu xumeek balio bera daukate. Garaiz zaude zeozer antolatzeko, edo ekitaldiren batean parte hartzea erabakitzeko.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


