Buenos Aires, Argentina. San Ignazio eguna [gogora dezagun San Ignazio dela Euskaltzaindiak onartutako izena, leku eta tradizio desberdinetan Iñaki Deuna, San Inazio edota Iñaki Donea izen historikoak hartu izan baditu ere] gorriz, zuriz eta berdez jantzi da berriz ere Argentinako txoko ezberdinetan. Arrecifesen, ospakizuna ekitaldi jendetsua izan zen. Sare sozialetan abiatu zen, bertako euskal etxearen fundazioa baino hamarkada bat lehenagoko ohitura zaharraren oroitzapenarekin. Abuzturaren 8an, larunbat arratsaldean, bazkide eta lagunak San Jose elizara abiatu ziren, Juan Lucio buruhandia eta Kuza eta Potxolo erraldoiak lagun, bertan Santuaren omenezko meza ospatzeko. Euskaldunak Denak Bateko abesbatzak elizkizunean abestu zuen, eta San Inazioko martxak txistuaren doinuarekin egin zuen bat. Anabela Bilbaok egindako ohorezko Aurreskuaren eta Mitre plazako dantzen ostean, 300 bat lagun bildu ziren egoitzan jaiaz gozatzeko.
FEVAko lehendakari Carlos Miguelena ere bertaratu zen Topaketara, bi arlo nagusitan banatua: batetik, proposamen gastronomikoa —kantinako mokaduak eta San Nikolaseko Euzkal Etxeko eta Pergaminoko Lagun Onak-eko sukaldari talde gonbidatuek prestatutako plater tradizionalak— eta, bestetik, kultura-egitarau oparoa. Belaunaldi guztietako dantzari arrecifestarrek euren dantzak eskaini zituzten: Alaitasunak, txikien taldeak, ertainenak, Elkarlanean-ek eta baita Pergaminoko Lagun Onak taldeko dantzariek ere. Ana Etchepareren gidaritzapean, Iruki Alaia abesbatzak eta Mariana Dominéren eskutik Gure Aterpea kantu libreko tailerrak euren kantuak eskaini zituzten, eta musikak hainbat interpretari bildu zituen. Donostiako Danborrada Lujan Valielaren eta Juan Pablo Valielaren zuzendaritzapean, eta Euskaltzaleak-eko Anabel Jaureguiberryren eskutik pandero tailerra egin zen. Txalaparta eta alboka ere entzun ziren musika bisitarien eskutik, eta patinaje taldeak ere bere gurpilen gaineko dantzak eskaini zituen!
Necochean, uztailaren 31 ‘Iratzartze Alaia' tradizionaleko musika eta kantuaren markarekin bizi izan zen, eta horrek eman zion hasiera ibilbide protokoloari. Euzko Etxeko ordezkaritzak Udaletxea bisitatu zuen eta, Arturo Rojas intendentearekin batera, lore-eskaintzak egin zituen Mariano Necochea Generalaren eta hiriaren sortzailea zen Ángel Ignacio Murgaren monumentuetan. Sustraiekiko omenaldiak Dardo Rocha plazako Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean jo zuen goia, hirugarren lore eskaintza eta Clara Zagazuaren agurrarekin. Euzko Etxeko Txokoan alaitasun handiz jarraitu zuen jaiak. Hurrengo egunean, afari bat partekatu zuten Jai Aretoan eta, Santuaren omenez antolatutako jardueren amaiera gisa, abuztuaren 7an “Aiton-Amonak” ospakizuna egin zuten. Aurten, topaketak ukitu berezia izan du: dantza-taldearen sorreraren 85. urteurrenaren baitan, 90 urtetik gora dituzten Martita Larraza de Ponte eta Sarita Zubillaga de Esnaola taldeko sortzaileak omenduz.
San Ignazioaren jaia beste eskualde batzuetan ere ospatu zen. Santuaren egun berean, Azulgo Gure Txokoa Euskal Etxeak Memoria Meza batera deitu zuen Azulgo Katedralean. Cañuelasen ere batu ziren Karmengo Andre Mariaren parrokian hilaren 31n eta abuztuaren 2an, igandean, Denak Bat Euskal Etxearen 66. urteurrena eta Loiolako zaindariaren eguna ospatzeko bazkaria egin zuten. Bestalde, José C. Pazeko Toki Eder Euskal Etxeak meza antolatu zuen bere egoitzan igandean, abuztuaren 2an, Eliana Visbeekek zuzendutako San Migeleko Ikastetxe Nagusiko Abesbatza partaide. Villa Marian, abuztuaren 8an, Euzko Etxeak 'San Ignazio Tallarin-jatea' antolatu zuen, familian ospatzeko. Buenos Aires hirian, urtetako tradizioari eutsi zioten abuztuaren 1ean, larunbat arratsaldean, Laurak Bat Euskal Etxean; bertan, Miguel Ángel Pesceren gidaritzapean, Lagun Onak Abesbatzak San Inazioko kontzertu klasikoa eskaini zuen, eta afari batekin amaitu zen ospakizuna. Trenque Lauquen-en, abuztuaren 8an, San Ignazio afari tradizionala dantzaldi batekin amaitu zen DJ batekin, Euskal Sustraiak-en egoitzan.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


