euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sare sozialak eta ekintza birtualak biltoki Diasporan, uztailaren 31arekin, San Ignazio egunarekin, bat egiteko

2020/07/30

Arrecifesen, 1906 urtetik ospatzen da San Inazio Eguna
Arrecifesen, 1906 urtetik ospatzen da San Inazio Eguna

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Euskal etorkin ugari jaso zituzten herri batzuetan, bertakoek oraindik gogoratzen dute euskaldun horiek urtero biltzen zirela uztailaren 31an, euskal etxea osatu aurretik ere, erromeria batekin ospatzeko San Ignazio, Argentinako Arrecifesen konparazio. Hastapenean, Gipuzkoako Loiolan jaiotako santuaren presentzia bereziki eman zen jatorria Gipuzkoan edo Bizkaian izan zuten emigranteen artean, bi lurralde hauetako zaindaria baita gaur egun ere San Ignazio. Diasporan, bestalde, ugari dira urtero ospatzen duten euskal etxe eta komunitateak, batzuetan Iñaki Deuna edo San Inazio izenpean (gogora dezagun Euskaltzaindiak egun 'San Ignazio' izena onartzen duela ofizialki).

COVID-19ak markatu duen 2020 honetan, ospakizunak ezberdinak izango dira zalantzarik gabe, baina Diasporatik antolatzaileetako batzuk azaldu digutenez "egin, egingo dira". Pandemiaren aurrean hartu behar diren osasun neurriek baldintzatuta, festarekin urtero tradizionalki bat egiten duten euskal etxeetako gehienek sare sozialetarako urratsa eman dute eta bertan biltzeko deia egin diete euren bazkide eta lagunei.

Bihar eta asteburuan

Euskal etxe batzuetan San Ignaziorena urteko euskal egutegian gorriz markatutako eguna dute eta kasu horietan ekintza birtual bereziak antolatu dituzte bihar eta datorren asteburuan. Argentinan, adibide batzuk ematearren, hala egin dute Buenos Aireseko Laurak Batek, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Batek eta Comodoro Rivadaviako Asociación Euskal Echeak euren deialdietan.

Aurreko artikuluetan aipatu izan dugu Estatu Batuetako Idahoko Boise hirian bertako 'San Inazio' festak daukan atxikimendua. Izan ere, San Inazioren inguruan antolatzen ditutuzte urtero bertako euskal jaiak, uztailaren 31aren inguruan, eta baita jaialdi erraldoia ere, aurten bertan behera geratu bada ere. Hori guztia ongi ekarri du gogora aita Antton AEBetako euskal omonier edo kapelauak joan den igandean santu euskalduna eta Jaialdi bera gogoan eman duen online mezan, 'Inazio gure patroi handia' ereserki ezaguna kantatuz jakina.

Venezuelatik ere helarazi digute gonbite bat. Caracasko Eusko Etxeak meza bat antolatuko du abuztuaren 2an. Elizkizuna goizeko 11etan izango da (Euskal Herrian 17:00ak direla), Andres Bello Unibertsitate Katolikoko jesuitek eskainiko dute eta Euskal Etxeako Instagram kontutik, Centro Vasco izenpean, segitu ahal izango da.

Zalantzarik gabe, euskal egutegietan oihartzun handia izan du historikoki San Ignazio, Iñaki Deuna edo San Inazio egunak. Egoera normalean ekintzen zerrenda luze samarra izan ohi da, munduan  zehar, eta aurten ere horretan saiatu dira Necochea, Madril, Rosario, Mexiko Hiria edota Sydneyko euskal hitzorduak tarteko. Urte berezi honetan sareak dira biltoki. Txiletik ere idatzi digute esateko ospatuko dutela 'Iñaki Deuna': Valparaiso-Viña del Mar-ko Euzko Etxeak zoom bidez batuko ditu kide eta lagunak, informazioa hemen. Santiagoko Euzko Etxearen kasuan, hainbat eduki partekatuko dituztela sare sozialetan abisatu digute.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia