Sao Paulo, Brasil. Bi hilabete baino gutxiago falta dira irailaren 8rako eta mundu osoko euskal elkarteak hasiak dira Euskal Diasporaren Eguneko ospakizuna antolatzen. Ipar hemisferioan 2026-27ko ikasturtearen hasierarekin bat ospatuko dute euskal etxe askotan, eta udako oporrak abuztuan bukatu eta biharamunean zabalduko dituzte euren programak. Hego Amerikan, berriz, datozen asteotan hartuko dute indarra prestaketa lanek. Sao Pauloko Eusko Alkartasunak, adibidez, deialdia luzatu die kide eta lagunei “Brasilera Euskal Herriaren zatitxo bat ekarri zutenei” omenaldia egiteko.
“Sao Paulon, euskaldunon historia eraikitzen hasi ziren etorkin ausart haiek izan nahi ditugu gogoan Euskal Diasporaren Egunean; lan gogoangarria egin zuten euren sustraiak sakon maite zituzten gure arbasoek”, adierazi dute Euskal Etxetik; eta omenaldi hori egiteko immigrante horien ondorengoei luzatzen diete gonbitea, norberaren familiaren historia kontatzen duten argazkiak bidaltzeko.
Abuztuaren 30aren aurretik
“Argazkiekin batera, etorkinaren edo haren familiaren izena, jatorria eta, jakinez gero, Brasilera iritsi zen urtea edo data bidaltzea eskatzen dugu. Horrez gain, ogibidea ere jakin nahiko genuke eta, ahal bada, bitxikeriaren bat edo migrazio historia horrek familian utzitako ondareari buruzko oroitzapenen bat, familia horietako bakoitzaren historia guztion historia baita, hala sentitzen baitugu”, azaldu dute.
Argazkiak eta datuak centrobasco.ea.sp@gmail.com helbidera bidali behar dira abuztuaren 30era baino lehen. Jasotako materiala Euskal Etxearen sare sozialetan zabalduko da Euskal Diasporaren Egunarekin bat egiteko irailaren 8an hedatuko diren post, irudi, mezu eta denadelakoetan. “Guztiok izan gaitezke omenaldi honen parte, bakoitzaren oroitzapenak aberasten baikatu”, jakinarazi dute.
Euskara klaseak Sao Paulon eta Brasilen
Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko gonbidapenarekin batera, Sao Pauloko Eusko Alkartasunak gogorarazi nahi du euskara eskolak martxan dauzkala, Sabrina Otegui irakasle argentinarraren eskutik, astean behin, zoom bidez. Proposamena birtuala denez, herrialde osoko ikasleak konekta daitezte. On line modalitateari esker, Bilbo Zaharra Euskaltegiak Arriaga Antzokian urtero antolatzen duen Klasikoen Irakurketa Jarraituan ere hartu zuten parte ikasle euskal-brasildarrek joan den ekainean.
- Eusko Alkartasuna Facebooken, Casa Basca Eusko Alkartasuna de São Paulo
- Eusko Alkartasuna Instagramen, euskoalkartasunasaopaulo

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


