Saladillo, Argentina . 1998ko uztailaren 9an sortu zenetik ia hiru hamarkadako bidea eginda, Saladilloko Itxaropen Euskal Etxeak bere 28. urteurrena ospatu zuen joan den ostiralean, uztailaren 17an Etxeko bazkideak eta herriko agintari eta lagunak bildu zituen afari baten inguruan. Otortua, hirugarren urtez jarraian, Saladilloko 135. Prestakuntza Tekniko Goi Mailako Institutuko Gastronomia Zerbitzu Teknikaturako lehenengo urteko ikasleen ardurapean egon zen, bertan irakasle eta ber denboran EEan zuzendaritza batzordeko kide ere den Guadalupe Arocena irakaslea koordinatzaile. "Ikasleen laguntza izatea ikaragarria da guretzat; lehen mailako euskal menua eta festa bikanina eskaintzeko aukera ematen baitigu", nabarmendu dio EuskalKultura.eus-i Silvina Bordenave erakundeko idazkariak.
Gauak gonbidatuen hitzak eta euskal dantzen kolorea uztartu zituen. José Luis Salomón intendenteak, Clide Álvarez 135 Insitutuko zuzendariak eta Itxaropeneko lehendakariorde Alfredo Elizagarayk hartu zuten hitza. Ondoren, Micaela Gaggiotti zuzendari, Etxeko dantzari helduen taldeak jauziak jendaurretu zituen, polkak eta beste hainbat dantzekin ederki girotuz gaua. Publiko eta gonbidatuek gogoz jarraitu zuten ikuskizuna, euren artean Cañuelasko Denak Bat-eko eta Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeko lagunak.
"Juegos Bonaerenses 2026" Itxaropenen
"Cocineros Bonaerenses" jardunaldian parte hartutako gazteetako batzuk Euskal Etxean
Beste aldetik, euskal etxe saladillotarrak "Cocineros Bonaerenses" diziplinako jardunaldiari eman zion abegia zuen uztailaren 7an, 2026ko Joko Buenosairestarren barruan, Buenos Aires Probintziako kirol eta kultura ekitaldi nagusia berau. Probintziako Gobernuaren ekimen honek kirolaren eta kulturaren bidez jendea gizarteratzea eta komunitatearen garapena sustatzea du helburu. Sukaldaritza arloan, "etxeko transmisioa, sukaldaritza tradizioak eta probintziako sukaldaritza osatzen duten lurralde-nortasunak balioan jartzea" bilatzen du. Lehiaketak izen-emate ugari izan zituen Sub 15, Sub 18 eta Adineko Pertsonen mailetan, eta parte-hartzaileek euren plater tradizionalekin aritu ziren lehian Itxaropen Euskal Etxeko sukalde eta aretoetan.

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



