euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Vascos de Brandsen" elkarteak lehenengo haritza landatu du eta aurrerabidean da Euskaldunen Ibilbideko egitasmoa

2026/07/20

Brandsengo Las Mandarinas auzoan lehen haritza landatu eta intendentearekin Euskaldunen Ibilbideko lanak aztertzeko bilera egin dute
Brandsengo Las Mandarinas auzoan lehen haritza landatu eta intendentearekin Euskaldunen Ibilbideko lanak aztertzeko bilera egin dute

PUBLIZITATEA

Brandsen, Argentina. Brandsengo espazio publikoetan haritzak landatzeko baimena lortu ostean, "Vascos de Brandsen" elkarteak haritz bat landatzeko ekitaldia burutu du bertako Las Mandarinas auzoko Elpidio González plazan. Uztailaren 12an, igande arratsaldez, gauzatu du, auzokide ugari partaide. Bertaratutakoek arretaz jarraitu dituzte elkarteko kideen hitzak Gernikako Arbolaren historiaz, euskal kulturarentzat duen garrantziaz eta behar dituen zaintzez. Topaketan Guillermo Larregui Ugarte "Eskorgako Euskalduna"ren figura ere gogoratu dute, haren irudiaren gigantografia bat eta bidaian bidelagun izan zuen eskorga historikoaren erreplika bat erakutsiz.

Honakoa Brandseneko lurretan landatzeko asmoa duten haritz sorta bateko lehenengoa baino ez da. “Tandilgo Euskal Etxeak Gernikako Arbolaren sei kimu oparitu dizkigu, Brandsengo sei herritan landatzeko, eta kasu bakoitzean euskal familia bat izango da zaintzaz arduratuko dena”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Cristina Juliarenak, talde antolatzaileko erreferenteak. Egutegiak Olidenen jarraituko du Arteta familia zaindari, eta ondoren Jeppener, La Posada, Las Golondrinas, Gómezko Nuestra Señora de Luján kaperara eta Altamiranora zabalduko da. Azken paraje horretan geldialdia egin zuen Larregui Ugartek 1936an, Piedra Buenatik Buenos Airesera oinez egindako bidaian.

Euskaldunen Ibilbidea egokitzeko lanak abiatzeko akordioa

Bestalde, erritmo onean doaz aurrera Euskaldunen Ibilbideko (izen hau ipin diote euskaraz Boulevard de los Vascos-i) lanekin jarraitzeko prozedurak. Joan den ekainaren 23an, Brandsengo intendente Fernando Raitellik babesletza-hitzarmen baten sinadura burutu eta Esku-hartze Proiektua onartu zuen; horri esker, irailean hasi ahal izango dira eraikuntza-lanak. Bertako elkartearen izenean Domingo Roberto Iraola, José María Etcheverri eta Alfonso Norberto Apaolazak hartu zuten parte.

Akordio instituzional honek Udalaren eta euskal komunitatearen arteko elkarlana bideratzea du helburu, herriko nortasunari estuki loturiko espazio publiko hau sortu eta behar bezala mantendu ahal izan dadin. Sinatzerakoan, agintariek eta elkarteko ordezkariek diseinu proposamenak trukatu eta izan zituzten hizpide, Ibilbidea topagune eta oroimen-gune bilakatzeko asmoz, euskal immigrazioak Brandsengo garapenean egindako herri-ekarpena aitortuz.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia