Sydney, Australia. Buru-belarri ari dira Sydneyko Gure Txoko Euskal Etxeko kideak euskal australiar elkarte dekanoa den honen 60. urteurreneko ospakizunak prestatzen. Eta aurkeztu berria dute garatuko duten programaren iragarle den aurkezpen-bideo parte-hartzailea. Irudietan, bazkideen eskutik egoitzaren barrura sartzen da ikuslea, flashmob modura ia, eta eskaintzen dituzten euskal kultura jarduerak erakusten zaizkio. Jarduerotako askok protagonismo berezia izango dute azaroan egingo den ospakizunean. Ikusi bideoa, hemen.
Hamar egunez luzatuko dira Gure Txokoren urteurreneko ospakizunak, azaroaren 13tik 22ra, mota askotako ekintzak batuta, urtean zehar gauzatzen dituzten proposamen guztiei leku eginez. Programako parte izango dira, konparazio, 60 urte hauetako historia jasotzen duen dokumental bat, herri kirol erakustaldia, ‘Txoko’ Padel Txapelketa, ‘Ardoa eta Pintura’ topaketa, Mus partidak, hitzaldiak, eskulanen tailerra, euskal zinema erakustaldia, ‘Sagardotegi Eguna’ eta ‘Euskal trivia’.
Jakina da sukaldaritza Euskal Etxeak astero bere bazkide eta lagunei, eta publiko orokorrari, eskaintzen dien zutabe eta agerpide nagusietako bat dela, eta ospakizunotan ere leku protagonista nabaria izango du. Antolatuko diren hitzorduen artean aipa daitezke Pintxo Gaua, euskal gizataldearen bazkaria, gazta-tarta egiten ikasteko klase magistrala, taloak… Eta euskal musika eta dantzak ere festaren ardatza izango dira.
Komunitate osoari —“Euskal jatorria duen jendeari baina baita edonongo euskaltzaleei ere eta guregana hurreratu nahi duen nornahiri”— luzatzen dio Euskal Etxeak bere urtebetetze jai egitaraura batzeko gonbidapen irekia. Animatu ere egiten du, bere sare sozialak jarraitzera, “nobedadeak eta programaren eguneraketak ezagutzen joateko”, azaltzen dute. Sarrera eta izen-emateak, baina, garaiz egin, lokalak bere mugak baititu, eta behin kopurua bete eta gero...
Badakizu, bada. Zorionak, Gure Txoko!
- Gure Txoko Instagramen, guretxokosydney
- Gure Txoko Facebooken, Gure Txoko Euskal Etxea - Basque Club

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



