euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

350 lagun Mar del Platako Denak Bat EEaren 83. urteurren festa eta Dantzari Ohien Jaian, "Las Vierneras" sarituz

2026/07/22

PUBLIZITATEA

Mar del Plata, Argentina.. 350 pertsona inguru bildu ziren joan den larunbatean, uztailaren 18an, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxean, elkartearen 83. urteurrena eta Dantzari Ohien Urteroko Festa ospatzeko. Luis Maria Mujicak dantzatutako Agurrak eman zion hasiera gaualdiari, eta ondotik etorri ziren lagun arteko giro ederreko elkarretaratze eta solastea, eta erromeria giroko euskal musika eta dantza gau luzea.

Oholtzara belaunaldi ezberdinetako 35 dantzari igo ziren, gizon zein emakume, 35 eta 75 urte bitartekoak. Hiru hilabeteko entseguen ondoren, Arkudantza, Dantza Suitea, Ezpatadantza, Lore Arkutxoak, Zuberoako dantzak eta ohiko Fandangoa eta Arin-Arina eskaini zituzten. Publikoaren parte-hartzea berehalakoa izan zen, eta bertaratutakoek agertokian ezezik dantzan jarraitu zuten agertoki aurrean ere, jauzien eta herriko plazako dantza tradizionalen erritmora. Zuzeneko musikaren ardura Mar del Platako Juan Manuel Iriart eta Martina Saa txistulariei, Rosarioko Zazpirak Bat-eko Guillermo Canut-i eta General Rodriguezko Agustina Olaizola pandero-jotzaileei zor zaie.

 
"Las Vierneras" taldeko emakume sarituak Denak Bateko lehendakari Patxi Valenciarekin

Hitzorduaren une gogoangarrietako bat 'Mirydee Begué' Sariaren banaketa izan zen. Sariak Euskal Etxeak orain arte izandako lehendakari emakume bakarra gogoratzen du eta komunitatearekiko konpromisoa erakutsi duten emakumeak saritzen ditu. Aurten, “Las vierneras” taldeari eman diote aitortza: duela bost hamarkada Denak Baten ostiralero kanastara jokatzeko biltzen diren 70 eta 80 urte arteko hamabi emakumeko taldea dira. Denak Bateko lehendakari Patxi Valenciak, FEVAko lehendakari Carlos Miguelena lagun, eman zizkien pergaminoak. Emakumeok bizitza osoa eman dute euskal etxearen alde lanean, haietako batzuk gaztetan dantzari gisa, gero dantzarien ama moduan eta gaur egun, dantzarien amonak izanik, eta urte hauetan guztietan gelditu gabe jardun dute jantziak josten, zein sukaldean, edota laguntza behar den leku orotan laguntzen.

Ospakizunean FEVAko Zuzendaritza Batzordeko kideak ere bertan izan ziren, arratsaldean hileroko bilera egin baitzuten Mar del Platako egoitzan.



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia