Mar del Plata, Argentina. Francisco "Patxi" Valencia ilusioz beteriko Zuzendaritza Batzorde berriko buru dela, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak ospakizun bikoitza antolatu du asteburu honetan: elkartearen 82. urteurreneko festa eta Dantzari Ohiaren Festaren edizio berria. Larunbatean, 21etatik aurrera, zenbait belaunalditako dantzari mardelplatatarrak, eta baita euskal etxe lagunetakoak ere, elkartu eta oholtzara igoko dira, euren adina edozein izanik ere barnean daramaten dantzari izaera azaleratu eta bertaratutako publiko ugariarekin partekatzeko. Eta euskal jai bat izanda, euskal gastronomia tipikoa izango du 82. urteurreneko Taska honek beste erakargarrietako bat.
82 urte bete ditu ostegunean Denak Batek eta bihar ospatuko du Dantzari Ohiaren Egunarekin batera, belaunaldien arteko lankidetza goiburu, etorkizun oparo bati so
Bostehun lagunetara ere heldu izan da zale asko dituen jai eta erromeria hau, eta aurtengoan ere, bertakoez gain, baieztatua dute partaidetza Necochea, Tandil, Maipu eta Buenos Aireseko euskal etxeetako dantzariek. FEVAko agintarietan, Asier Iriberri lehendakaria —mardelplatatarra bera— eta Arantxa Anitua lehendakariordea ere bertan izango dira. EEak antolatzen dituen beste ekitaldi batzuetan ez bezala, Dantzari Ohiaren Festan, adinekoak dira ospakizunaz bereziki gozatzen dutenak, eta lan gehiena euskal elkarteko Beti Alaiko gazteek hartzen dute beren gain.
Euskal Aste Nazionala 2028an
Oraingoan, dena den, festa oso modu berezian biziko duena seguruenik Patxi Valencia lehendakari berria izango da. "Harrotasun handia ematen dit Euskal Etxeko buru izateak, poz handi bat, ardura handiarekin batera, hau nire etxea delako, ni hazi nintzen lekua, eta nire lagunak dauden tokia, aita ere hemengo lehendakari izan zelako, eta zoriontsu naizen lekua delako", aitortzen dio emozioz EuskalKultura.eus-i. Bi urteko eperako hautatu badute ere, haratago begiratzen du eta berriro hautatua izan nahiko luke, 2028ra arte EEko buru izateko; izan ere, urte horretan Euskal Aste Nazionalaren anfitrioi izateko helburua baitu Denak Batek. "Dena den, gure erronka nagusia, euskal etxe moderno bat pentsatzea da, ez datozen bi edo lau urteotarako, baizik eta hurrengo 20 urteetarako bederen, gazteei asko entzunez, beraiek baitira bidea markatzen digutenak", adierazi digu.