Sydney, Australia. Joan den larunbatean, ekainaren 13an egin dute Sydneyn 2026ko Australiako Mus Txapelketa, bertako Euskal Etxea anfitrioi eta antolatzaile. Hamalau bikote lehiatu dira eta guztietan partaideetako bat bederen euskal komunitateko kide zen. Irabazleak Gure Txoko-ko oso bazkide aktiboak diren Iñigo Aguillo bilbotarra eta María Lartategui getxoztarra izan dira. Australiako txapela janzteaz gain, aurtengo abenduaren 1etik 13ra Euskal Herrian jokatuko den Euskal Gizataldeen arteko Munduko Mus Txapelketara joateko txartela ere jaso dute, eta erabakitzen ari dira joateko aukera tentagarria, gastuak ere handiak baitira.

2026ko Txapelketari hasiera emateko prest Sydneyko Gure Txoko Euskal Etxearen egoitzan
2026an, berriro ere hartu du Gure Txokok bere gain Mus Txapelketa Nazionala antolatzeko ardura eta gustura gelditu dira antolatzaileak. "Txapelketa bera ez ezik, bikoteen harrera, bazkaria eta lehiaketak dakartzan gainontzekoak hartu ditu ekipoak bere gain”, azaldu dio antolatzaileetakoa izan den Irene Sanjurjo lizarratarrak EuskalKultura.eus-i. “Giro ederra gailendu zen. Muslarietako batzuk Townsville eta Brisbanetik ere etorri zitzaizkigun eta baita Sydney-n bizi diren Ipar Euskal Herriko lagunak ere. Jende eta ezaugarri mota ugaritakoak ginen, ederra zen, euskara eta euskal kultura bilgarri”, diosku solaskide nafarrak.
Gure Txokoren 60. urteurrena
60 urte betetzen ari da aurten Sydneyko Euskal Etxea eta irmo jarraitzen du gure kultura eta izaeraren lekukotasun-emaile eta hedatzaile izaten Euskal Herritik 17.000 kilometrora. Urteurrena hainbat ekintza tarteko ospatuko dute baina aktibitate nagusiak azaroan izango direla. Elkarteko zenbait lan talde buru belarri ari dira egitaraua antolatzen. Bitartean, eta urtero legez, gainean ditugu San Ferminak. Txupinazoa, Iruñeko festarekin bat eginez, Sydneyn uztailaren 11n ospatuko dute, Euskal Etxeko lagunak zuriz jantzita, lepokoa eta gerriko gorriz, jakina.
- Sydneyko Gure Txoko Instagramen, guretxokosydney

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


