euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Australian egon zinen? Euskal Australiar Alkartea omenaldia ari da prestatzen bertara emigratu zutenei ekainaren 13an

2026/04/29

PUBLIZITATEA

Bilbo, Bizkaia. Australian egon zinen? Euskal Australiar Alkartea (EAA) omenaldia ari da prestatzen Lea-Artibaitik edo Busturialdetik bertara emigratu zutenei. Estatu Batuetara, Mexiko edo Hego Amerikara emigratu zuten beste euskaldun batzuena bezain ezaguna ez den historiaz, gaurko egunaz eta geroa helburu dituen Euskal Australiar Alkarteak dei berezia egin die bertara emigratu zuten gizabanako edo familiei (eta oraindik elkartearekin kontaktatu ez dutenei), edo baldintza horiek betetzen dituen inor ezagut dezakeen jendeari, lehenbailehen harremanetan jar ditezen, aurten, elkarteak urtero egiten duen bazkari-elkarretaratze eta jaiaren baitan merezi duten gorazarrea eskaini nahi baitie.

Gogora dezagun hamarkada askotan ez-ikusian pasatutako fenomenoa izatetik, azkeneko hamarkadan pauso handiak eman dituztela euskal-australiarrek euren emigrazioa eta komunitatea jendaurretu eta ezagutua eta prestigiatua izatearren. Australiak hiru euskal etxe dauzka gaur egun, bertara emigratutako euskaldunek sortuak, eta handik hona itzulitakoek eta euren familiek Euskal Australiar Alkartea sortu zuten 2018an, euskal-australiarrak batu eta euskal emigrazioaren multzo hau batu, egituratu, ikertu eta ezagutarazteko Euskal Herrian. Lan handia egin du geroztik elkarteak, urteroko bilera-festak antolatuz, baina baita ere datuak bildu eta ikerketa bultzatuz, eta 'Basques in Australia' bezalako erakusketa antolatu eta mugiarazten Euskal Herrian eta Australian, eta baita Diasporako beste leku batzuetan ere, harrotasunez "homologatzen" euren kolektiboa, aberatsa baita euren historia eta ekarria. Eusko Jaurlaritza lagun izan dute bide horretan, baita aurten lehenengoz euskal australiar gazteentzat antolatutako Ateak Ireki - Gaztemundu programan ere.

Oraingoan, ekainaren 13an deitu dute askok "Australianoen bazkaria" deitzen duten urteroko bazkari-elkarretaratzea, arratsaldean omenaldi berezia eginez 1929-1945 artean jaiota,  Australiara emigratu eta bizirik dauden emigranteei. Bazkaria Ereño edo Elexalde-Zeeta aldean dagoen Arita Berri jatetxean izango da, 14:30etan. Autobusak jarriko dituzte doan Lekeitia eta Gernikatik. Bazkariaren prezioa, 50 euro. Maiatzaren 31era arte eman ahal izango da izena, dirua Laboral Kutxako ES68 3035 0185 5218 5002 4844 kontuan sartuta adieraziz izen-abizenak, pertsona-kopurua eta autobusa hartuko al duten (nondik eta zenbat).

[Erne! Aurreko komunikazioren batean kontu korrontearen zenbaki okerra eman baitzen, eta goikoa baita balio duena]

Informazio eta kontsultak: euskalaustraliaralkartea@gmail.com



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia