euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Jaurlaritzak Euskal Australiar Alkartearen ahozko lekukotzak jasotzeko proiektu bat dirulagunduko du

2022/05/10

Euskal Australiar Alkarteak deitutako topaketako bazkaria Gernikan, artxiboko irudi batean (EuskalKultura.eus)
Euskal Australiar Alkarteak deitutako topaketako bazkaria Gernikan, artxiboko irudi batean (EuskalKultura.eus)

PUBLIZITATEA

Vitoria-Gasteiz. Eusko Jaurlaritzaren Gobernu-Kontseiluak Euskal Australiar Alkarteari (EAA) zuzeneko dirulaguntza bat ematea onartu du gaur goizeko asteroko bere bileran, Australian euskal emigrazioak utzitako ahozko testigantzak jasotzearren. Amaia Urberuaga buru duen elkarteak 20.000 euroko diru-laguntza jasoko du helburu horrekin. Gogora dezagun 2018an sortu zela Bizkaian egoitza duen EAA, Australian jaiotako euskaldunak edo hara emigratutakoak eta hona itzulitakoak eta euren familiak bazkide.

Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez, lagunduko den lanak "Australiara joandako euskal emigranteen elkarrizketak bildu, deskribatu eta katalogatzeko lan bat egitea proposatzen du, eta bilaketa Busturialdean eta Lea Artibain (Bizkaia) bizi diren emigrante itzulien taldean ardaztea".

Proiektua burutzeko Euskal Australiar Alkarteak UPV/EHUko "Euskal Herria, Europa eta Amerika: Elkarren arteko loturak eta Harreman Atlantikoak" izeneko Ikerketa Taldearen sostengua izango du, eta talde hori arduratuko da zuzendaritza zientifikoaz. Era berean, UPV/EHUko goi-mailako ikasleek (graduko 3. edo 4. maila, masterra eta doktoregoa) eta/edo Historiako graduatu berriek elkarteko boluntarioekin lankidetzan jardungo dute elkarrizketak egiteko.

Elkarrizketen emaitzak funts espezifiko gisa gordeko dira Euskadiko Artxiboaren baitan sortua den Euskal Diasporaren Artxiboko funtsen barruan, adierazi dute Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzatik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia