euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Imanol Pradalesek Lehendakariaren Gabon Mezua luzatu die kanpoan diren euskal komunitate eta euskaldunei

2025/12/19

2025eko Eguberri aldi honetan, Imanol Pradales lehendakariaren Gabon Mezua munduko euskal komunitate eta euskaldunei
2025eko Eguberri aldi honetan, Imanol Pradales lehendakariaren Gabon Mezua munduko euskal komunitate eta euskaldunei

PUBLIZITATEA

Vitoria-Gasteiz. Imanol Pradales lehendakariak, bere aurrekoen ohiturari bigarrenez eutsiz, Lehendakariaren Gabon Mezu tradizionala luzatu die Eguberria dela eta, kanpoan diren euskal komunitate eta euskaldunei. Bere hitzetan, Euskadi Globalaren helburu estrategikoa eta gauzatze lanetan ari diren Euskal Diasporaren Lege berria aipatzen ditu, baita Markina-Xemeinen euskal pilotariak omenduz ospatutako 2025eko Euskal Diasporaren Eguna, Diasporaren graduondoa eta Etxez Etxe programa, parekotasuna sustatzeko urratsak, eta kanpoko euskaldunen alorrean garatutako beste hainbat neurri. Diasporako euskaldun eta euskaltzaleei parte hartzeko aukerak ematea azpimarratzen du helburu gisa, talde lanaren garrantzia eta aurtengo uztail-abuztuan Boiseko Jaialdin bizi izan zuen esperientzia itzela gogoan, eta urtean zehar munduko beste nazio batzuetako euskal etxe eta euskaldunengana helduz egin dituen bidaiak, besarkada eta desio onenak bidaliz diasporakideei.

Hona Lehendakariaren gutuna munduko euskal etxe eta komunitateei, munduko euskaldunei eta euskaldunen lagunei:

Euskal herritar eta adiskide maiteok:

Pozgarria da niretzat, lehendakari naizen aldetik, berriro ere harremanetan jartzea zuekin guztiekin, euskal diasporarekin, noiz eta urtea amaitzear denean, urteak utzi digun guztia gogoratzeko eta etorkizunerako ametsak pentsatzeko aukera ematen diguten egunotan.

2025. urtea giltzarria izan da, aurrerapausoak egin baititugu Eusko Jaurlaritzak XXI. mendeko euskal diasporaren erronkei erantzun eta Euskal Komunitate Globala edo Euskadi Globala egituratzeko ezarrita duen helburu estrategikoan, hots, Euskal Diasporaren Legean.

Eusko Jaurlaritzatik apustu handia egin dugu proiektu horren alde. Ilusio handia egiten digu, eta Eusko Legebiltzarrak 2027an adostasun zabalez onartzea espero dugu.

Lege Proiektua prestatzeko prozesuaren barruan, azaroaren 24an Euskal Diasporaren Legeari buruzko mintegia egin zen Lehendakaritzan. Bertan nazioarteko zenbait adituk parte hartu zuten, eta Lege berriaren izaera abangoardista azpimarratzeaz gain, Euskal Komunitate Global indartsu eta batua egituratzeko hasitako bidean aurrera jarraitzera animatu gintuzten.

Poztu nau jakiteak jardunaldiak jarraipen zabala izan zuela online eta kanpoko Euskal Komunitatean ilusio eta itxaropen handia sortu duela. Zalantzarik gabe, Lege berria funtsezkoa da. Datozen urteetan Euskadi Globala eratzeko ekimen berriei estaldura emango dien “aterkia” izango da.

Proiektu hori giltzarri izanik, 2025. urtean gure diasporaren aldeko beste ekintza asko bultzatu ditugu. Horietako batzuk nabarmendu nahi dizkizuet, garrantzitsuenak:

  • Irailaren 8an Euskal Diasporaren Nazioarteko Eguna ospatu genuen. 1.000 pertsona baino gehiago bildu ziren Markinan, puntisten nazioarteko proiekzioa aitortu eta omentzeko, agertoki globalean jokatzen ari den gaurko Euskadiren aitzindariak izan baitziren.
  • Estatuko eta nazioarteko foroetan parte hartu dugu; diasporari buruzko graduondokoa eskaini dugu; erakusketak sustatu ditugu; abian jarri dugu arte emanaldien “Etxez Etxe” programa pilotua, Bartzelonan hasi eta hurrengo urtean beste hiri batzuetara zabalduko dena; Argentinako Euskal Aste Nazionala ospatu dugu Tandilen; sare digitalen eta komunikazioaren gure estrategia berrabiarazteko bilerak egin ditugu, eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasun eskola ere izan dugu. 
  • Dagoeneko finkatuta dauden ekimenak mantendu eta eguneratu ditugu, hala nola Euskal Etxeentzako dirulaguntzen programa, egoera larrian dauden pertsonentzako laguntzen programa edo gazteen prestakuntzarako Gaztemundu programa.

Horiek guztiak aurrerapausoak dira gure helburua lortzeko, hots: euskal diasporari aukerak eskaintzea, pertsona bakoitzak bere ekarpena egin dezan Euskadi Globalaren alde, bizi den lekutik eta gure Zortzigarren Herrialdea bizirik mantenduz.

Talde lanean eraiki nahi dugu, Euskadi barrutik eta kanpotik. Nor garen kontatzen jarraitu nahi dugu, eta gure izateko eta egiteko moduak mundu osora zabaldu nahi ditugu, eta bereziki, kanpoko euskaldunak bizi diren lekuetara.

Amaitzeko, maitasun handiz oroitzen dut, eta bihotzez eskertu nahi dizuet, aurten zuekin elkartu naizenetan egin didazuen harrera beroa: bai 2025eko Boiseko Jaialdi arrakastatsuan, non lehen aldiz lehendakari gisa parte hartzeko plazera eta ohorea izan nuen; baita Brusela, New York edo Parisko Euskal Etxeetan egin ditugun bisita eta harreretan ere. Topaketa horiek guztiak ezinbestekoak dira gure komunitate-sena indartzeko, nonahi bizi garela ere, eta gure nazioaren parte, Euskadiren parte garela sentitzeko. Gurea sustrai sakoneko nazioa baita, eta aldi berean mundura irekia.

Gure Herrialdearen eraikuntzan eta proiekzioan laguntzen jarraituko duzuelakoan, Gabon egun hauetan zuekin harremanetan jartzen naiz, eta Euskadiko lehendakaria naizen aldetik, besarkada handi bat bidaltzen dizuet. Nire desiorik onenak zuentzat, hastear den urte berrirako.

Gabon zoriontsuak igaro ditzazuela eta Urte berri on! 

Imanol Pradales Gil

- Lehendakariaren gutuna euskaraz
- Lehendakariaren gutuna gaztelaniaz
- Lehendakariaren gutuna frantsesez
- Lehendakariaren gutuna ingelesez



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia