Berlin, Alemania. Ekintzez betetako urtea bizi izan dute Berlingo euskara zaleek 2025 honetan, kultur adierazpen anitzeko programa bati esker. Beste gizataldeetako lagunekin antolatutako bertso saioek, musikak, arte plastikoek eta dagoeneko derrigorrezko hitzordu bihurtu den Baskisches Filmfest-en aurkeztutako euskal zinemaren ekoizpen garaikideek leku berezia izan dute Gernika Euskal Etxearen egitarauan, urteroko ospakizun eta euskara klaseekin batera.
Baina abendura etorriz, ikasturtearen amaierak originaltasun puntu bat ere izan du. Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, mintza saio artistikoa antolatu baitzuen Euskal Etxeak, Jone Gonzalez ilustratzaileak eta Maddalen Subijana Etxeko euskara irakaslea zuzendari. Hizkuntza eta artea uztartuz, artelan bitxiak zein bereziak sortu zituzten bildutakoek, material ezberdinekin, euskara eta bestelako sormen mota hau bateginik.

Arte tailer itxurako mintza saio batekin ospatu zuen 2025eko ENE Berlingo Euskal Etxeak
Azkenik, eta 2025ari agur esateko, lagunen arteko bazkaria antolatu zuten abanduaren 7an alemanez 'Gernika deutsch-baskischer Kulturverein e.V.' izenpean ezaguna den euskal etxe berlindarrak. Elkarteko kideak arduratu ziren menuaz eta bazkalostean, euskal abestiekin girotu zuten arratsaldea. Eta bi aste eskas barru hasiko den 2026ari urteari begira, hasiak dira euskal-alemanok bertan ongi errotua daukaten Korrikaren edizio berria prestatzen. Hori, euskara klaseekin batera, eta urteroko Aberri Eguna, Gernikako Bonbardaketaren Urteurrena eta saio gehiagorekin sloilik jarduera huirbilenak aipatzearren.
- Berlingo Euskal Etxea Instagram-en, gernikaberlin

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu


