Montreal, Quebec. Abenduan zehar Diaspora osoan dozenaka euskal etxek antolatutako Eguberri eta Urte Zahar festen artean Olentzero eta Mari Domingiri harrera ematearren, Mongtrealen, Quebec-eko Euskaldunak elkarteakoak ez zuten gutxiago izan nahi izan. Euskal Eguberri giroko topaketak 75 bat jende batu zituen, tartean gazte, heldu, familiak eta haurrak. Hitzordua abenduaren 7an finkatu eta partaidetzak gustura utzi zituen antolatzaileak. Bategitea goizeko 11etan, izan ere hamaiketako batekin, hasi zen, Euskal Etxeko bazkide eta lagunek elkar agurtu eta solastuz, euskal musika lagungarri.
Bazkaltzeko orduan Euskal Herriko zaporeak nabarmendu ziren, luxuzko menuko otordu batekin: ajoarriero, axoa, ardi gazta eta euskal pastela. Bapo jan ondoren, helduak dantzatzera animatu ziren, txikienek Olentzerorentzako eskulanak prestatzen zituzten bitartean. Eta agian euskal musikak erakarrita, han agertu egin zen Olentzero!! Umeek berehala inguratu zuten, gutunak eta eskulanak eman zizkioten eta Euskal Herritik bide luzea eginez etorritako ikazkinak kontatutako ipuinak gogoz eta arreta handiz entzun zituzten.

Montrealgo Euskaldunak Quebec euskal elkarteak antolatutako jaiaren aretoko ikuspegi orokorra
Arratsalde partean, euskal elkarretaratze askotan ezinbesteko osagai den musari ekin zitzaion, lagunarteko mus txapelketa informal batean, eta horretan, solasean eta kantu kantari joan zen egunaren gainerakoa. Ahal izan edo hala nahi izan zutenek, animatu eta festa gauean jarraitu zuten, hiriko taberna batean, Euskal Herriko edozein herriko jaixetan bezala.
Montrealeko Euskal Etxea Instagramen, euskaldunak_quebec

Lagun bati bidali
Komentarioa gehitu



