euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tandilgo Gure Etxeak amaiera bikaina eman dio 2025 urte gogoangarriari Jaiotza bizidun mitologiko arras landuarekin

2025/12/22

Berrogei pertsona eszenatokian, argiak, sua, musika, dantza eta 25 urteko magia Tandilgo Gure Etxeak aurkeztutako Jaiotza bizidunean
Berrogei pertsona eszenatokian, argiak, sua, musika, dantza eta 25 urteko magia Tandilgo Gure Etxeak aurkeztutako Jaiotza bizidunean

PUBLIZITATEA

Tandil, Argentina. Tandilgo Gure Etxeko kideentzat lan-urte gogorra bezain pozgarria izan da 2025a. Urrian Euskal Argentinar Aste Nazional gogoangarri bat antolatu zuten, azaroan elkartearen 76. Urteurrena ospatu, eta abenduaren hasieran Euskararen Eguna ohoratu ondoren, urrezko amaiera eman diote urteari joan den larunbatean, abenduaren 13an, Euskal Jaiotza biziduna antzeztuz Gernikako Arbolaren kimuaren ondoan, Euskal Etxearen egoitzaren aurreko Martin Rodriguez plazan. Zerua mehatxari agertu bazen ere, eguraldiak eutsi egin zion eta aukera eman zuen proposamen artistiko berezi honetaz gozatzeko.

Berrogei pertsona baino gehiago igo dira oholtzara aurtengo edizioan. Argiak, suak, musikak eta dantzak kutsu magikoa eman zioten ekitaldiari, euskal mitologia eta kristau-fedea uztartuz. Ohiko artzainekin, galtzagorriekin eta gauekoekin batera, Basajaun, Basandere eta Mari jainkosa ere agertu ziren. Eguzkiaren zikloak eta antzinako jaiotza-errituek protagonismo berezia hartu zuten, eta emaginen figura ere nabarmendu zen. Koreografiari dagokionez, Zuberoako Maskaradako, Lantzeko Inauteriko eta Irradakako urratsek antzerkia eta dantza lotu zituzten ordubeteko saioan.

 
Olentzero eta Mari Domingi Jaiotzean, Santiago Benavidez eta Cecilia Lejarretaren eskutik

Euskal etxeko anitz kidek hartu zuten parte ikuskizunean, tartean adin guztietako dantzariak, euskara ikasleak, koruko kideak, muslariak, zuzendaritzakoak… Eszenaratzearen arduradun den Valeria Aramburuk EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, Jaiotzak bilakaera nabarmena izan du azken 25 urteotan. Jaiotza konbentzionala zena, Euskal Herria kristautu aurreko sinesmenak berreskuratzen dituen pieza bihurtu da. “Edizio bakoitza ezberdina da, urtero pertsonaia eta xehetasun berriak eransten baitizkiogu”, gaineratu du. Ekitaldia, beste behin, Udal Intereseko izendatu dute... eta, beste behin, tandildarra gidoia partekatu eta laguntza eskaintzeko prest agertu da, proiektu hau bere komunitatean gauzatu nahi duen beste edozein euskal talde edo etxerekin (idatzi batere konpromisorik gabe gureetxeatandil@gmail.com edo kukaaramburu@gmail.com-era).



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia