euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Quebec-eko euskal arraun taldea hasi da entrenatzen, Trois-Pistoles-i begira, L'Escale jaialdia ere udako egitarauan

2025/05/23

'Indianoak' trainerua berriro uretan KAT Kebekeko Arraun Taldeko eta Quebec-eko Euskaldunak-eko lagunei esker
'Indianoak' trainerua berriro uretan KAT Kebekeko Arraun Taldeko eta Quebec-eko Euskaldunak-eko lagunei esker

PUBLIZITATEA

Montreal, Quebec. Programazio “arras betea eta jai girokoa” antolatu du Quebec-eko euskal gizataldeak datozen hilabeteetarako, ‘Kebekeko Arraun Taldea-KAT’ (sic) izeneko arraunlari amateurren taldearen eta Montrealeko Euskaldunak Quebec Euskal Etxearen eskutik. Ekintzak mota askotakoak izango dira eta udan goxatzen den eguraldia baliatzeko helburua ere badute.

Dantzen alorrean iazko proposamenak lortu zuen arrakasta ikusita, aurten ere errepikatu egingo dute 'Mutxiko Apero' formula euskal quebectarrra. Esan nahi baita, parke batean bilduko dira eta bertan mutxikoak dantzatuko dituzte eta amaitzean 'pote' edo trago bat hartu. “Elkarrekin EHko herriko bestetako giro beroa sortzen saiatzen gara”, azaldu dio taldeko EuskalKultura.eus-ek Elorrik. “Udazkenetik aitzina, hasi berrientzako euskal dantza klaseak eskainiko dira Munduko Musikarien Zentroaren programazioaren barnean eta ikastaro horiek bukatu eta gero, eskarmendu handiagoa duten dantzarientzat tailer bat eginen dugu, dantza zailagoak landurik",

KAT egutegia

Maiatzean hasi da arraunlari taldea berriro entrenatzen eta ostegunero aterako da, maiatza eta ekaina bitartean. uztail-abuztuan, berriz, asteazkenetan aterako dira. “Aurtengo entrenamenduetan kirol gehiago egiten dugu Trois-Pistoles-eko ateraldiari begira. Gero, eta urtero bezala, irailean Châteauguay hirira joateko asmoa ere badugu. Gaur egun 14etatik 12 arraunlari titular gaude eta 10 bat erreserbista dira behar direnak postuak betetzeko. Orduan 2 postu geratzen zaizkigu taldean betetzeke, sartu nahi dutenentzat” jakinarazi digu Elorrik, eskaintza hori eginez interesa izan dezaketen gure irakurleei.

Bitartean, traineruaren kroskoa konpondu eta margotuko dute KATeko lagunek, guztia udan prest izateko.

Euskara eta Euskal Besta

Ekainean bukatuko dute quebectarrek 2024-25ko euskara ikasturtea eta irailean hasiko dute ikasturte berria. Klaseak zuzenean edo zoom bidez hartzeko aukera ematen dute. Eta irailaren 6an, Euskal Besta antolatuko dute: Le Ber parkean pilota txapelketak, mutxikoak, bazkaria eta haurrentzako jolasak eta giro ederra barne. Eta eguraldiak laguntzen baldin badu, trainerua eramango dute bertara.

L'Escale jaialdia

Abuztuaren bukaeran Les Basques Tourismek antolatutako L'Escale jaialdiarekin bat egingo dute ‘Kebekeko Arraun Talde'ko eta Euskaldunak Quebec-eko kideek (gogora dezagun Les Basques, Lorandi ibai ondoan dagoen eskualde-udal bat dela, izen hori bertan euskal aitzindariek egungo Quebec eta Kanada aurrean izan zuten presentzia garrantzitsua nabarmentzearren jarria. Bertan inauguratu zen 1996an, ibilbide gorabeheratsua izan duen 'Parc de l'Aventure basque en Amerique' euskal museo edo parke tematikoa). Euskal gizataldeak asteburu horretan bere gain hartuko dituen ekintzak hauexek izango dira:

  • Ostegun gauean, euskal dantzaren inguruko animazioak (Euskal Etxeko dantza ikasleekin)
  • Ostiral gauean, Saint-Laurent ibaitik, trainerua Trois Pistolesera iritsiko da eta trainerua erakutsiko da
  • Larunbatean, joan etorriak traineruz Euskaldunen Uhartera, euskal pilota txapelketa, musika ekintzak eta besta frontoian

- Kebekeko Arraun Taldea-Kat Instagramen, kanadako.euskal.arraunlariak
- Euskaldunak_Quebec Instagramen, euskaldunak_quebec



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia