Bakersfield, Kalifornia, AEB. Abiada onean doa Estatu Batuetan euskal besta eta pikniken sasoia, eta Kalifornian bertan Los Banos eta Fresnoko euskal besten ondotik, maiatzeko hirugarren hitzorduaren tenorea heldu da, Bakersfield-eko 'Euskal Besta'rena, aurten maiatzaren 24, 25... eta 26an, ofizialki bestak larunbat eta igandean badira ere, Kern County Basque Club antolatzaile, astelehena ere, Estatu Batuetan 'Memorial Day' eta jai-egun federala, euskal bestaren ondorengo eguntzat hartzen baitute, eta herriko Wool Growers euskal ostatua euskaldunen biltoki bilakatzen da, molde xaharreko hamaiketako ederra partekatu, tragu batzuk hartu, elkarrekin solastu eta kantu eta dantza batzuk egiteko, euskal musika eta EHko herriko festetako giroa lagun.
Iazko dantzaldia Euskal Etxeko pilotalekuan, euskalamerikar gazteria dantzari, musikariak Luhartz
PROGRAMA
Maiatzaren 24an, larunbata
- 07:30ean Euskal Etxeko ateak zabalduko
- 08:00etan Mus Txapelketa, 40 dolar pertsonako, bazkaria barne. Bazkide eta ez-bazkideak ongi etorriak
- Egun osoan taberna zabalik
- 12:00etan Barbakoa oilasko bazkaria. Helduek 25 dolar, haurrek 20
- 14:00etan pilota partidak EEko pilotalekuan (Kaliforniako pilotariak)
- 16:30ean, Pilota partidak EEko pilotalekuan (Euskal Herritik etorri pilotariak, Nafarroako Oian Canabal, Aitor Alduntzin, Unai Astiz eta Unax Apeztegia, Fernando Goñirekin batera)
Maiatzaren 25ean, igandea
- 08:00etan Euskal Etxeko parke eta zuhaizpea irekiko
- 10:00etan Euskal meza, klika, kantari eta dantzariekin, aita Antton Egigurenek emana, Stephen Frost monsinorea eta Fred Ansolabehere diakonoa lagun. Online emango dute zuzenean, Artzai Ona AEBko euskal elkarte katolikoaren Facebook orrialdearen bidez (EHan 19:00ak direla)
- 12:00etan Bildots barbakoa bazkaria. Helduek 40 dolar, ohorezko bazkideek 35, hamabi urtetik beherako haurrek 25
- 14:00etan Emanaldiak, Kern County Basque Club-eko Klika eta dantzariak
- 17:00etan Pilota partidak EEko pilotalekuan (Euskal Herritik etorri pilotariak). Nahi duenarentzat, han ondoan salgai lukainka eta bestelako sandwitxak
- 19:00etan Berbena, dantzaldia Euskal Herritik etorri Luhartz talde lagun eta famatuarekin (goizaldeko 01ak arte). 20:30etan tarte bat egingo da Zozketak egiteko (txartelak 5 dolar, edo bost 20 dolar. Lehenengo saria, mila dolar eskutan, bigarrena, 500, hirugarrena 250
Maiatzaren 26an, astelehena (jai-eguna AEBn)
- Goiz osoan, eguerdiraino, euskal 'gosaria' Frantxua Camou buru duen Wool Growers euskal ostatuan, eta bazkalondo luzea, musika, dantza eta kantuarekin. Musikariak, Rafa Iriondo buru duen Luhartz talde durangarra