euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Trelewko Haraneko Euskal Etxeak 31 urte ospatu ditu Euskaraldiarekin bat eginez eta hezkuntza jarduera biziarekin

2025/05/22

31. urteurreneko egunean, Euskaraldiarekin bat eginez, Haraneko Euskal Etxeko kideek hamaika hizki eta xede bakarra partekatu zituzten
31. urteurreneko egunean, Euskaraldiarekin bat eginez, Haraneko Euskal Etxeko kideek hamaika hizki eta xede bakarra partekatu zituzten

PUBLIZITATEA

Trelew, Argentina. Haraneko Euskal Etxeak beste urtebete ospatu du. Aldamenean duen Helduen Hezkuntza Zentroko ikasleak gonbidatuta, elkarte chubut-tarreko kide eta lagunek joan den larunbatean, maiatzaren 17an ospatu zuten EEaren 31. urteurrena, eguerdian, bazkari animatu bat partekatuz egoitzan "a la canasta" (norberak platerak eramanez). Arratsaldepasa berean, bildutakoek propio egin zuten bat Euskaraldiaren laugarren edizioarekin —gogoratu, euskararen erabilera sustatzeko maiatzaren 15etik 25era mundu osoan egiten ari den ariketa— bertaratu ziren guztientzat diseinatutako jarduerekin.

Izan ere, Haraneko Euskal Etxearen 31. urteurreneko bazkarira hurbildu zirenak ezohiko proposamen batekin egin zuten topo, eta aukera izan zuten euskarara hurbildu, jolas bidez praktikatu eta, euretako askok, lehenengo hitzak ikasi. Ekimen baliotsua oso, batez ere bere burua berrasmatzen ari den euskal etxe honek ez duelako oraindik euskara eskolarik eskaintzen. Oraindik. Badu-eta talde euskaltzale engaiatu bat gogoa lanean jarrita euskararekin kutsatzeko prest.

Itxaropena, 2026an bertako irakaslea

Bertakoaz, momentuko, beste euskal etxe batzuek emandako online ikastaroetan ari dira euskara ikasten, eta horietako bat 'Euskara Munduan' programan ari da trebatzen, irakasle bilakatzeko, eta beraz euren prebisioen arabera, 2026an Haraneko-n bertan irakasten hastea espero dute. Joan den larunbatean, Maite Caracotche, Natalia Suarez Caminoa eta Ignacio Esquiroz izan ziren jardueraren gidari eta, EuskalKultura.eus-i esan diotenez, “gonbidatuen erantzuna ezin hobea izan zen”.

 
Trelew-ko Haraneko Euskal Etxearen 31. urteurrena ospatzeko bazkaria eta jolasak euskaraz 

"Oso esperientzia xumea izan zen, baina, aldi berean, garrantzi handikoa, gogo biziz eta bat-batekotasun handiz erantzun zutelako, eta horrelako zerbait egiten zen lehen aldia izan zelako", esan digu Haraneko Euskal Etxeko idazkari Maite Caracotchek. "Interes handiz hartu zuten, eta horrek itxaropena ematen digu datorren urteari begira".

Hiriko 7716 Helduen Eskola lankide

Elkar agurtzen eta euren burua euskaraz aurkezten ikasi zutenen artean, Trelewko 7716 Helduen Eskolako ikasle-taldeko kideak zeuden, eta ekitaldian parte hartu izana hiru urtetan egindako lankidetzaren emaitza da. Euskal Etxeko hainbat kidek euskal kulturari buruzko hitzaldiak eman dituzte Eskolan, eta ikasleen ikerketetan eta azken erakusketetan parte hartu dute; erakusketa horien bidez ikasleek euren formakuntzaldiari amaiera ematen diote eta, besteak beste, inguruan finkatutako gizataldeei heltzen diete, horien artean euskal kolektibitateari.

"Bestalde, eta hezkuntza-arloari dagokionez ere, Haraneko Euskal Etxea 'Euskal kultura eskoletara hurbilduz' proiektua diseinatzen, eraikitzen eta gauzatzen ari da. Urriro, Kultur Aniztasunaren Astea hurbiltzen joan ahala, bertako hezkuntza erakundeen eskaera behin eta berriz jasotzen zuten. Elkarlan eskakizunak, eskoletan hitzaldiak emanez, edo Euskal Herriko kulturari buruzko standa jarriz, izan ziren proiektua garatzera bultzatu zituena. Euskal kulturari buruzko erakusketa interaktibo eta ludiko bat egitera, Trelewko lehen eta bigarren hezkuntzako neska, mutil eta nerabeei zuzendua. Erakusketa garraiagarria izango da eta, beraz, eskoletan, azoketan eta hainbat espaziotan muntatu ahal izango da. Erakusketa urriaren 12ko astean inauguratuko da, Kultur Aniztasunaren Errespetuaren Egunean", aurreratu diote gure buletinari.

Zorionak Haraneko Euskal Etxea!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia