euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gainbegirada Estatu Batuetako abuztuko euskal piknik festei eta Diasporako beste jai batzuri irailean sartu arte

2026/08/06

Hiru euskal festa abuztuan, Arrecifesko San Ignazioak; gazteen golfa Gardnervillen (Nevada); eta Seattle-ko piknika (Washington)
Hiru euskal festa abuztuan, Arrecifesko San Ignazioak; gazteen golfa Gardnervillen (Nevada); eta Seattle-ko piknika (Washington)

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Abuztua, opor sasoin betea ipar hemisferioan, hilabete egokia da euskal festak maite dituenarentzat, Euskal Herrian zein Diasporan. Euskal Herrian Gasteizko Ama Zuriaren jaietan ari dira oraintxe bertan. Lizarrakoak ostiralean hasiko, eta larunbatean Donostiako Aste Nagusia; ondoko asteko asteburuan Bilbokoa, eta tartean hamaika dira han hemenka etorriko diren zazpi probintzietako festak. Batzuk, Abuztuko Ama Birjina edo Andra Mariaren ohoretan, Donibane Garazin, adibidez, Euskal Herrrian, edo Buffalon, AEBko Diasporan. Izan ere, Diasporak ere programa trinkoa dauka, batez ere uda den lekuetan. Boisen, joan den asteburuan ospatu berriak dira Boiseko San Inazio jaiak; asko dira munduan santu loiolatarraren ohoretan festak antolatzen dituzten euskal etxeak, Argentinan bereziki. Hona iraila arteko azaleko gainbegirada bat.

Datorren larunbatean, abuztuaren 8an, bere urteko euskal piknik festa antolatu du Mountain Home-ko (Idaho) Euskal Etxeak, herriko pilota plaza eta parkean, eta asteburu berean, Gardnervillek (Nevada) berea ospatuko du, besteak beste Bigarren Mundu Gerrako Euskal Beteranoen Monumentua eraikiko duten lekuan plaka bat estreinatuz eta Udalak Gardnerville-Ortzaize herriak ahaidetzeari lotutako beste plaka bat ematearekin bertako Mendiko Euskal Club-ari. Brasilgo Sao Paulon, Mus Ikastaroa abiatu zuten abuztuaren 5ean, eta segidako saioa 12an izango dute.. Musarekin jarraituz, 13an, Montevideoko Euskaro Euskal Etxeak bere Mus Eskolarekin segitzen du du, ostegunero bezala; eta hilaren 15, 16 eta 17an Argentinako Mus Txapelketa jokatuko dute Maipú-n, bertako Anaitasuna Euskal Etxearen eskutik, bikote txapeldunak txartela lortuko duela Euskal Herrira bidaiatzeko abenduan Argentinako ordezkari gisa 2026ko Munduko Txapelketan.

Abuztuko 15earen astean, Trois Pistoles-ko (Kanada) kantxatik pasa eta Saint Pierre eta Mikeluneko Euskal Bestan (bertako frontoiak 120 urte betetzen ditu) arituko dira pilotariak, Kaledonia Berria eta Reunion bezalako lekuetatik etorriak. Abuztuaren 15ean, Wyomingeko Buffalok bere Euskal Bestarako deia luzatu du, Andre Dena Mariz; eta Pariseko Eskual Etxea aste horretan hasiko da iragartzen bere 70. urterreneko festa programa, urriaren 4a egingo duen jaia hitzordu handi izango duena; abuztuaren 22an, Seattle Euskal Etxeak bere Udako Piknika eginen du, eta Colorado Euskal Etxeak 29an berea, Littleton herrian. Egun berean Boiseko Euskal Museoak bere WineFest ardo dastaketa eta salmenta festa antolatu du, ardoa, pintxoak, musika eta dantzarekin, etekin guztiak hiriko Museoaren eta Boiseko Ikastolaren alde. Abuztuko azken asteburu horretan bertan, San Frantziskoko euskaldunek euren Udako Besta famatua ospatuko dute Basque Cultural Center-en. Eta ondoko asteburua iraila izango da dagoeneko, eta hor hasiko dira Chinoko Bestak, baita ere mundu osoan Euskal Diasporaren Eguna (berez irailak 8) ospatzeko programak... Baina ordurako abuztuko pausaldia bukatua eta EuskalKulturaren eguneroko buletina berriz hasia izango da.



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia