euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Hamar bat emanaldi izango dituen kontzertu bira egingo dute Bankako Menditarrek AEBetan abuztu-irailean

2026/08/07

Goiko argazkian, Bankako Mendaitarrak taldeak 2016an Kaliforniara egin zuen biran, San Frantziskon, 2026ko birako afixaren ondoan
Goiko argazkian, Bankako Mendaitarrak taldeak 2016an Kaliforniara egin zuen biran, San Frantziskon, 2026ko birako afixaren ondoan

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Euskal Herriko bazterretan gero eta emanaldi gehiago dauzkan Menditarrak talde bankarrak kontzertu-bira bat hasiko du abuztuaren 22an Estatu Batuetako euskal komunitateetan barrena. Colorado izango dute sarbide, eta hortik aurrera ez dira batere geratuko euskal komunitatez euskal komunitate, orotara 5.000 bat kilometro ere eginez autoz, taldeko kide Guy Saldubehere auto gidari nagusi. Ez da txantxa! Wyomingeko Buffalon abuztuaren 23-24an egingo duten saioan, bertan aspaldi bizi den Batista Juanicotena elizondotarra ere agurtuko dute, taldeko hiruren osaba eta osaba txikia, eta haren seme John, eta familia diren Caminotarrak.

Wyoming-en, beste puntan den Rock Springs-en, bertako euskal komunitateak errezibituko ditu 25ean, Alkartasuna Euskal Etxea sortzen ikusi zuen hirian. Segidan, hortik gertu den Utah-ra egingo dute jauzia 26an, Salt Lake City-ra, Utah-ko Euskal Etxea anfitrioi. Beste hainbat milia egingo dituzte gero Utah bazterrik bazter eta Nevada ere bere zabalera osoan zeharkatuz Gardnervillera iristeko. Hor, Lekumberrytarrak izango dira JT euskal ostatuan anfitrioi, eta afaltzeko denboran bertaratuko diren zaleentzat kantatuko dute.

San Frantziskoko eta Chinoko bestetan

28an hasten den asteburuan, San Frantziskoko Basque Cultural Center edo Gure Euskal Etxeko 'Udako Besta'ren programa barruan abestuko dute, pausaldi txiki bat eginez —autoz ibiltzeari dagokionez behintzat— kantatu eta bertako euskal komunitate handiarekin harremantzeko eta agurtu eta solasteko. Irailaren 1ean Los Banoseko Wool Growers-en eta Fresnoko Santa Fe ostatuan arituko dira. Eta 2 eta 3an Bakersfield-eko Woolgrowers-en. Irailaren 4tik 7ra, asteburua berriz ere, Chinoko Euskal Bestan izango dira kantari.

Bankako Menditarrak taldea Nafarroa Behereko izen bereko herrian oinarritzen den taldea da. Kantu molde tradizionala lantzen dute, kantuak a capella edo gitarra bat eta akordeoi baten laguntzaz. Gitarran, bere gisa kantari ibilbide polita duen Guy Saldubeherek laguntzen du. Akordeian, Diasporan batere aurkezpenik behar ez duen Jean-Louis Bergarak. Hiru CD dauzkate. AEBko bidaian bost lagun izango ditu taldeak: Frantxoa Juanicotena, Jeannot Juanicotena, Guy Saldubehere, Batita Landart eta Jean Louis Bergara. Biba zuek!



hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia