euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txupinazoak, zapi gorriak, pilota, dantzak eta festa giroa Argentinako euskal eta nafar etxeetako Sanferminetan

2026/07/13

Carlos Miguelena Arrecifesko Euskaldunak Denak Baten, zapi gorriak Hiru Errekan, dantzak Chascomúseko trinketean, afaria Bahía Blancako Unión Vascan, dantzak plazan La Platan eta Nicolás Berruezo pilotariari aitortza Trelewko San Fermin Txapelketan
Carlos Miguelena Arrecifesko Euskaldunak Denak Baten, zapi gorriak Hiru Errekan, dantzak Chascomúseko trinketean, afaria Bahía Blancako Unión Vascan, dantzak plazan La Platan eta Nicolás Berruezo pilotariari aitortza Trelewko San Fermin Txapelketan

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Uztailaren 6a baino lehen ere hasita kasu batzuetan, mundu osoko euskal etxe eta nafar etxeak gogor ekin diete, urtero bezala, San Fermin ospazeko festa egitarauei, bakoitza bere tokiko errealitatetik. Argentinan, hasteko, hutsik egin gabe berritu dute San Fermin jaiekiko leialtasuna. Hainbat tokitan, gainera, zapi gorria eta Independentzia Argentinarraren Eguneko (uztailaren 9a) ospakizunak ere ospatuz. Egitarauek denetarik bildu dute: meza eta omenaldiak, ohiko otorduak, kirol txapelketak, 'entzierro'ren bat eta erromeriak. Ekitaldi behinenak hilaren lehen hamabostaldian pilatu badira ere, komunitatearen agendak segitzen du eta hitzordu gehiago gordetzen ditu datozen asteetarako.

Buenos Aires probintzian, herri ugaritara zabaldu da festa giroa. Uztailaren 5ean, igandea, Chascomúsko Zingirako Euskaldunak elkarteak katedraleko mezarekin ekin zion egunari; ondoren, dantza erakustaldia eskaini zuten Pilotazaleen Klubean, Mónica Dagorret zuzendari duen La Cantoría udal abesbatzaren musika lagun, eta pintxo zein kazola dastaketa batekin borobildu zuten festa. Azulgo Gure Txokoak, berriz, hilaren 7ko meza eta uztailaren 10eko afaria lotu zituen. Ayacuchon, Euskal Odola euskal etxeak, igandea, uztailaren 5a aukeratu zuen San Fermin jaia ospatzeko, afaria eta San Fermin giroko topaketa egiteko, Etxeko dantza taldeak dantzari. Concepción del Uruguay-n, 10ean ezarri zuten hitzordua, afaria, musika, zozketa eta opariekin.

 
Txupinazo Rosarion, meza Bolivarren, Buenos Airesko Nafar Etxeko trinketean dantzak, eta saloian, erakusketa

Tres Arroyosen, Hiru Errekak, Sanferminetako kantu eta dantzarien saioekin girotutako ohiko afaria egin zuen asteazkenean, uztailaren 8an. Gau horretan bertan, Bahía Blancako Unión Vascak bazkide eta lagunak zuri-gorriz jantzita bildu zituen . Arrecifesen, Euskaldunak Denak Bat elkarteak uztailaren 10ean ireki zituen bere Tabernako ateak San Fermin afari eta erromeriarako, FEVAko lehendakari Carlos Miguelena bertan zela. La Platako Euzko Etxeak, ostera, bestalariz jantzi zituen bertako lagunak joan den igandean, uztailaren 12an, meza eta herritar guztiei irekitako plaza-dantzekin, abesbatzaren eta dantzarien saioekin, txokolate beroa eta txurroekin bukatzeko.

Mugimendua bereziki esanguratsua izan da nafar etxeetan, egitarau oparoak garatuta. Bolívarko Nafar Etxeak asteartean, uztailaren 7an hasi zituen ekitaldiak: hildako bazkideen aldeko meza, bere Raíces Navarras abesbatzaren saioa eta aurreskua jendaurretuz, eta afari-dantza nagusia uztailaren 25erako iragarrita, larunbatez. Hiriburuan, Buenos Airesko Nafar Etxeak eskaintza zabala ondu zuen: meza hilaren 7an, pilota txapelketako finalak 9an, ostegunean, eta kultura arloa larunbatean, Plus Ultra hegazkinaren hegalaldiaren mendeurrenari buruzko erakusketa eta Juan José Membrana itsas-kapitainaren hitzaldiarekin. Igandean, uztailaren 12an, txupinazoak, trinketeko dantzek, paella jate handiak eta Rocío del Cieloren musikak eman diote amaiera aurtengo jaiari. Tandilen ere azken igande honetan ospatu dute, meza, txupinazoa, entzierroa 12etan Euskal Etxearen aurrean eta herri bazkaria Gure Etxean.

Patagoniaraino

Santa Fen, Rosarioko Nafar Etxeak aste osoko egitaraua antolatu zuen uztailaren 4tik aurrera: egitarauan, Pablo Sarasateri lore-eskaintza, erraldoi eta buruhandien kalejira, mus txapelketa, prozesioa, 'montadito' lehiaketa eta afari tematikoak. Ostegunean, uztailaren 9an, dantzarien saioak eta Gaisoa Ni kantuak itxi zuten zikloa. Mendozako Nafarroako Etxeak, berriz, hilaren 26raino atzeratu dute jaia, igandez, ohiko paella zerbitzatuko dute, jendea zuriz eta gorriz beztiturik Luján de Cuyoko Dr. Manuel Belgrano Campusean.

Kirolak ere toki nabarmena izan du Patagonian. Trelewen, uztailaren 9tik 11ra, "Los Vascos" pilota paleta txapelketaren 30. edizioa jokatu zuten Racing Clubeko "Francisco Pérez" trinkete berrituan. Chubut Ipar-ekialdeko Haraneko Euskal Etxeak eta Racing Clubek elkarlanean antolatutako txapelketak Eduardo “El vasco” Aizpurua zena omendu zuen, Patagoniako zein Argentina osoko pilotari bikainak bilduta. Txapelketaren barruan, euskal elkarteak "Gran Txapeldun" erakunde-aitortza eman zion Nicolás Berruezo pilotari ezagunari, kirol honetan egindako ibilbide oparoagatik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia